Euskaltzaindiak eta Euskal Irrati Telebistak (EiTB) hitzarmena sinatu dute gaur, apirilaren 21ean, Akademiaren egoitzan. Hitzarmen horren bitartez, EiTB-k ekoitzi dituen hainbat testu Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Hitzarmena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Julian Beloki EiTB taldeko irratietako zuzendari-koordinatzaileak sinatu dute.
Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoak, ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki antolatu bat prestatzea du helburu. Euskaltzaindiak prosa arruntezko corpusa prestatu nahi du, bai lexikoaren erabileraren azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere.
Corpus hori osatzeko hainbat hornitzaile aurreikusi dira, hedabideak bereziki, eta hauen artean, besteak beste, interes orokorreko komunikabideak. EiTBri dagokionez, 2000. urteaz geroztik sortutako testu-masatik, eduki hauek jarriko ditu Euskaltzaindiaren eskuetan:
- ETBk bikoiztutako filmak
- ETBk bikoiztutako dokumentalak
- ETBk bikoiztutako marrazki bizidunak
- ETBk bikoiztutako telesailak
- ETBk ekoitzitako dokumentalak
- ETBk ekoitzitako haur programak
- ETBk ekoitzitako telesailak
- ETBk ekoitzitako bestelako programak
- ETBren albistegiak
- Eusko Irratiak ekoiztutako irrati-nobela guztien testuak
Lexikoaren Behatokia egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatuko du Akademiak.