"Ortzegunean, martxoak 26, Iparraldeko HERRIA astekariak plazaratu du bere 3000. zenbakia. Lau orrialdeko gehigarri berezi batekin.
Gauzak xuxen xuxena erran behar, 3000-ko kontu hori hein bat okerra dago haatik. Aste huntako HERRIA 3295. behar laiteke. Zer gertatu da? HERRIA sortu zen 1944-ean, Piarres Lafitte apez euskaltzaina zuzendari. Bost urteren buruan, 1949-ko udazkenean, erabaki zen itxura berrituko zitzaiola eta aldaketa horren seinale nolazpait ondoko urtarrilaren 5-ekoa atera zen sailkapena berriz hasiz, aste hartako HERRIA lehena balitz bezala..."
Horrela hasten da Jamattitt Dirassar Herria astekariko zuzendari eta ohorezko euskaltzainak Plazaberrirako idatzi duen testua.
1944an Piarres Lafitte euskaltzain osoa zenak sortu zuen Herria astekariaren eta Euskaltzaindiaren arteko lotura argia izan da, hasieratik. Historian zehar izan dituen zuzendarien zerrendak ere argi islatzen du lotura hori, bai eta astekariak dituen kolaboratzaileen izenak ere: Josep Camino, Gexan Alfaro, Jean Pierre Curutchet, Jean Baptiste Etcharren, Mixel Itzaina.... Bestalde, izan zirenen artean ere badira izen ezagunak, hala nola Piarres Larzabal, Iratzeder, Jean Pierre Iratchet, Mariano Izeta, Etienne Sallaberry...
Gaur egungo Herriaren ohorezko zuzendaria Emile Larre euskaltzain emeritua da. Harekin batera, hauek egiten dute astekaria: Janbattitt Dirassar zuzendariak, Jean Haritschelhar zuzendariordeak, Peio Jorajuria idazleburuak, Marixan Brement administrazio arduradunak eta Beñat Goity diruzainak.
Bestetik, hauek osatzen dute Adimistrazio Kontseilua: Mixel Oronos, Mattin Larzabal, Jean Louis Harignordoquy Laka, Ramuntxo Camblong, Marijane Minaberry, Jean Louis Davant, Mikel Erramouspe eta Daniel Landart jaun-andreek.
Jarraian, Jamattitt Dirassar zuzendari eta ohorezko euskaltzainak idatzi duen testua ekartzen dugu hona:
"Ortzegunean, martxoak 26, Iparraldeko HERRIA astekariak plazaratu du bere 3000. zenbakia. Lau orrialdeko gehigarri berezi batekin.
Gauzak xuxen xuxena erran behar, 3000-ko kontu hori hein bat okerra dago haatik. Aste huntako HERRIA 3295. behar laiteke. Zer gertatu da? HERRIA sortu zen 1944-ean, Piarres Lafitte apez euskaltzaina zuzendari. Bost urteren buruan, 1949-ko udazkenean, erabaki zen itxura berrituko zitzaiola eta aldaketa horren seinale nolazpait ondoko urtarrilaren 5-ekoa atera zen sailkapena berriz hasiz, aste hartako HERRIA lehena balitz bezala...
Iparraldean, aspaldian bada astekari euskaldun baten ohidura. 1887-an sortu zen Eskualduna izeneko astekaria, hastean elebiduna, gero eta toki gehiago eman ziona euskarari. 1944-ean desagertu zen. Orduan, euskaltzale multxo batek berehala nahi ukan zuen astekari berri bat sortu, gelditu zenaren tokia ez zela hutsik uzten ahal. Piarres Lafitte zuzendariak traba asko eta asko kausitu zuen. Baimenak ezin lortuz eta papera bera biziki xuhur izanez, garai hartako egoera arras berezia baitzagon, Frantziak gerra jasanik kasik sei urtez, ...
Denborarekin, gauzek onerat egin zuten. HERRIA-ren erroak azkartu ziren. Behin bi orrialde, gero lau, orai badauzka zortzi. 60 urteak ospatuz geroz bi orrialde badira ere kolorezkoak.
Lau zuzendari izanak dira : Piarres Lafitte (1944-1967), Jean Hiriart-Urruty (1967-1969), Emile Larre (1969-2003 ) eta Jamattitt Dirassar (azken sei urte hotan), zuzendari-ordezko dagoela Jean Haritschelhar ohorezko euskaltzainburua.
HERRIA ez da alderdi baten kazeta. Nahi du izan Iparraldean euskara maite duten guziena. Deneri idekia. Gure euskal nortasunaren lekuko eta mezulari. Nahi luke ere gehiago handitu. Amesten du beraz hamabi orrialdeko astekaria izaitea, berriketarien sarea hedatuz eta sail berri batzu idekiz. Gaurregun oso neke da hori, paperezko prentsaren arrakasta murrixtuz baitoa. Iduritzen zaio halere bere tokia behar duela atxiki, holako astekari bat beharrezkoa dela Iparraldean.
Hori da funtsean 3000. zenbakiarekin zabaltzen duen deia..."
Jamattitt Dirassar