Martxoaren 12an, AEK-k Korrika 16 aurkeztu zuen gizartearen aurrean, Euskaltzaindiaren egoitzan. Martxoaren 26an hasiko den euskararen aldeko aurtengo lasterketaren zehaztasunak Edurne Brouard arduradunak eman zituen gizarte eragileen aurrean eta, besteak beste, Korrika 16ren helburuak azaldu zituen: batetik, kanpotarrak euskarara hurbiltzea, eta bestetik, euskara erabili behar dela azpimarratzea. Aurkezpenean, Joan Maiak zuzendu duen Bidaia intimoak dokumentalaren pasarte batzuk ere ikusi ziren.
Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua, Juanjo Zearreta kudeatzailea eta Pello Telleria idazkariordea izan ziren aurkezpenean.
Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira! lelopean burutuko den Korrika 16 Tuteran hasiko da, martxoaren 26an, eta Gasteizen amaituko, apirilaren 5ean.