2007ko abenduan Euskaltzaindiak Gratien Adema "Zaldubi"-ren omenezko ageriko bilkura egin zuen, Senperen, haren jaiotzaren mendeurrenean. Bilkura horretan irakurri ziren txostenak ageri dira berrikitan argitaratu den EUSKARA aldizkarian (2007, 3).
Hona ekartzen dugun Mikel Zalbideren "Iparraldeko euskalgintza, XIX. mendearen bigarren erdian: Zaldubi eta bere garaia" izeneko txostena ere Senperen aurkeztu zen, eta gero osatu.
Aldaketa handiko garaia izan zen XIX. mendearen bigarren erdialdea, Eskual Herrian. Aldaketa horien haritik, bertako mintzajardunaren gizarte-moldaera ere nabarmen aldatu zen: eguneroko jardunean ordura arte berekin izandako nagusitasun zabala (hainbat ingurumenetan ia erabatekoa) ahultzen eta pitzatzen hasi zitzaion.
Hizkuntzaren eta hari atxikitako etnokulturaren atzerabide horretaz jabeturik, eta bestelako etorkizun argiagoa opa izanik batari zein besteari, euskalgintza bizi, zabal eta berria eraiki zuten bertako protoeliteek 1850etik 1900era. Eskualtzale haien artean aparteko lekua izan zuen Zaldubik.
Horren guztiaren berri ematen du Mikel Zalbidek txosten honetan, hizkuntza-soziologiaren erakutsiak eta mundu zabaleko ondorio-ekarpenak gure artera (kasu honetan Eskual Herrira) aplikatuz.
Iparraldea eta XIX. mendea izan arren txostenaren aipagai, hemen eta orain kontuan hartzekoak gerta litezke bere azalpenak, hainbatean. Eskaintzen diren balorazioak, ohiko moduan, dokumentu-oinarri esplizituetatik eratorriak dira oro har.