Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskaltzaindiak esparru hitzarmena sinatu dute gaur Arrosadiako campusean bi erakundeen arteko lankidetza areagotzeko xedez. Hitzarmena Julio Lafuente errektoreak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute eta ondoren bi erakundeetako ordezkariek lan bilera egin dute.
Euskaltzaindiaren izenean ondoko ordezkari hauek parte hartu dute aipatu bileran: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Xabier Kintana idazkariak, Jose Luis Lizundia diruzainak eta Andres Iñigo Nafarroako ordezkariak. Unibertsitatearen izenean, berriz, honako hauek izan dira: Jesus Maria Pintor Irakaskuntzako errektoreordea, Pablo Sotes Hizkuntza Plangintzako Saileko zuzendaria, Patxi Salaberri Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren Departamentuko zuzendaria, eta Koldo Asiron Hizkuntza Plangintzarako Zerbitzuko zuzendaria.
Gaur sinatutako hitzarmenak dioenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, euskarari dagokionez, erakunde aholku-emaile ofizialtzat hartzen du Euskaltzaindia eta, era berean, bi erakundeek ikerketarako goi mailako zentrotzat hartzen dute elkar. Zentzu horretan, bi aldeek lankidetza aktiboa adostu dute, hainbat arlotan islatuko dena.
Esaterako, bi erakundeok lankidetza-proiektu zehatzak bideratu eta garatuko dituzte, euskararen eta euskal kulturaren inguruko ikerketa eremuan. Horrela, bioi dagozkien lerro bereziak sustatuko dituzte, eta elkarri informazioa emanen diote, ikerketa programazio orokorretan zehaztutako lehentasunei buruz. Halaber, curriculumerako eta merezimendu gisa, bi aldeek balioespen formulak aztertuko dituzte irakasleek Euskaltzaindiaren barruan egindako lana neurtzeko (batzordeak, biltzarrak, jardunaldi zientifikoak, proiektuak).
Praktikak, materialaren trukaketa eta argitalpenak
Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek Euskaltzaindian praktikak egiteko aukera izanen dute, beti ere, Hitzarmenaren Jarraipen Batzordearen ustez egoki diren arloetan. Materialaren trukaketa arloan, bi aldeek konpromisoa adierazten dute beren ikerketa ondareak eta bereziki beren liburutegiak erabiltzea ahalbidetuko duten formulak abiaratzeko.
Argitalpenei dagokienez, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, euskal idazle klasikoen nahiz egungo euskal idazleen testuak direnean, bai eta euskal filologia edo literaturaren eremuko ikerketa nahiz hedapen-lanak direnean ere, bi erakundeok euskararen inguruan sortutako testugintza zientifikoa zabaltzeko.
Bi aldeek beren tesiak edo lanak bata bestearen eskura jartzeko konpromisoa ere adierazten dute, jabetza intelektuala errespetatuko delako bermearekin, eta bi erakundeek beharrezkotzat jotzen dituzten egileen baimenak izanik. Modu berean, bi erakunde zientifiko horiek elkarlanean arituko dira, euren liburutegietako euskal funtsak sendotzeko; horretarako, euron argitalpen funtsetatik, zenbait lan ekarriko dituzte.
Arestian aipatutako helburuak betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute; batzorde horrek sei kide izango ditu, eta erakunde bakoitzak horietatik hiru hautatuko ditu.
Hitzarmenak bost urteko iraupena izanen du.