Gaur, otsailaren 24an, Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak antolatua, "Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa” jardunaldia egin da Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Jardunaldiak, Akademiak berriki kaleratu duen izen bereko liburua -Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa- izan du abiapuntu. Liburua “Jagon” bildumaren 14. zenbakia da eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu du, Pello Esnal batzordekideak koordinatu duelarik. Jardunaldian 80 pertsona inguruk hartu dute parte.
Andres Iñigo Jagon sailburuak eman dio hasiera jardunaldiari, Pello Esnal, Xabier Mendiguren Bereziartu, Andres Urrutia eta Igone Etxebarria hizlari izan direlarik. Hitzaldien ostean, mahai-ingurua egin da. Hauek hartu dute parte: Jesus Mari Agirre Eusko Legebiltzarreko Itzulpen, Zuzenketa eta Interpretazioko teknikariak; Karlos del Olmo, Donostiako Udaleko itzultzaile-interpreteak; eta Xabier Aristegieta Nafarroako Parlamentuko itzultzaile eta interpreteak. Paskual Rekalde Corpus batzordeko idazkaria izan da moderatzailea.
2008an, Euskaltzaindiak Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa liburua plazaratu zuen. Euskararen egokitasuna bermatze aldera, lan horretan testu-antolatzaileak zehaztu eta sailkatu ziren, helburu bati begira: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa. Hain zuzen ere, liburu haren harian eta haren osagarri dator orain Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa, hark urratutako bidean aurrera egitera, alegia.
Hala, Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa honek -2008an argitaratutakoak bezala- estrategiak ditu ardatz. Izan ere, hizkuntzaren erabileran dena ez da arau gramatikala betetzea. Behin arau gramatikalak betez gero, eremu handi batean aurkitzen da hizkuntza-erabiltzailea. Honek egokien iritzitako erabakiak hartuko ditu, askatasunez eta erantzukizunez jokatuz. Hain zuzen, erabakien mundura garamatzate estrategiek. Hala, bada, lan berri horretan euskararen hitz-ordena lantzen da, estrategiaren ikuspegitik, hiru elementu jorratuz bereziki: 1) testu-antolatzaileak, 2) mintzagaia eta galdegaia, eta 3) erlatibozko esaldiak. Jakina denez, euskararen hitz-ordena izan da, XX. mendean zehar, euskararen aztertzaile eta arautzaileen gai eta kezka nagusietako bat. Bestalde, alde praktikoak garrantzi handia du liburuan.
Honetaz guztiaz hausnartu da gaurko jardunaldian.
Pello Esnal
Bi zati izan ditu Pello Esnalen mintzaldiak. Lehenengoan, liburua bera aurkeztu du, aurkibidearen harian, atalez atal, esanez zertan den bakoitzaren muina.
Bigarren zatiak, berak esan bezala, bere izenburu propioa ere izan lezake: "Euskara idatziaren auzia, sei puntu eta eranskin batean". Hitz gutxitan, Esnalek adierazi bezala, horixe izan nahi luke: euskara idatziaren gaurko egoera, labur eta bizi azaldua, ondorengo elkarrizketaren akuilu.
Xabier Mendiguren Bereziartu
Pello Esnalen ostean hitz egin du Mendigurenek, eta haren ekarpena aitzakiatzat hartuz, azken mende erdiak euskararen aurrerabidean eman duenaz hitz egin du: "Sakonera akademikoak alde batera utzi eta mende erdi batez neure idazle- eta itzultzaile-ibilbideari gaingiroki bada ere, begiratu bat eman eta horretaz hitz egitea erabaki dut".
Bere esperientziaz eta berak egindako lanaz mintzatu da, beraz. Ondorio gisa, hauxe azpimarratu du: euskarak urte gutxitan egin duen ibilbidea benetan "harrigarria" da. Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa eta Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburuei buruz, hau esan du: "Horrelako gomendioak eta ezagutzak idazle on askok garai guztietan erakutsi badituzte ere, milaka pertsona bere buruan estandarizatzen eta normalizatzen ari den hizkuntza batean eskolatzeak, eta gaurko bizimoduak askori testuak idaztea eta jendaurrean eraginkortasunez hitz egitea eskatzen dion garaiotan, inoiz baino hobeki txertatzen dira gure aurrerabide neketsuan".
Andres Urrutia
Andres Urrutiaren ustez, Pello Esnalen gidaritzapean Euskaltzaindiaren Corpus Batzordeak ondutako liburuak, bidea ematen du kezka bereizia agertarazteko performatibo edo gauzatzaileen inguruan. Esan duenez, "izatez, halakoak ugariak dira zuzenbide munduan eta euskarari ofizialtasunak ekarri dizkion hainbat esparrutan ere aintzat hartzekoak."
Hartara, performatiboen garrantzia azpimarratu du esparru juridikoaren barnean, eta bertako nondik norakoak azaldu; gerora ere, horiek harremanetan jarri ditu, traduktologiaren bitartez, egungo euskararen ikuspegiarekin, gogoeta bi alderdi desberdinetatik bultzatzeko asmoz: bateko, hizkuntzaren ikuspegia eta besteko, hizkuntza horren erabilera pragmatikoaren alderdia, legearen zereginetan.
Igone Etxebarria
Igone Etxebarriak esan bezala, "hizkuntza bere bizilekuari lotuta dago, erabiltzen duen giza taldearen komunikaziobidea den neurrian. Gaurko bizimoduak hizkuntzen arteko eraginak, baita kulturen artekoak ere, areagotu egin ditu. Testuinguru horretan, ardura berezia sortu da lekuan lekukoari erreparatu eta gordeteko ere".
Hizkuntzaren trasmisioa bizimoduaren trasmisioaren bitartez egiten da. Gaur egun, etxean ez ezik, eskolan eta aisialdiaren bitartez ere egiten da trasmisio hori. Hori dela eta, horretara egokitutako materialak prestatzen egindako esperientziaren berri eman du Igone Etxebarriak.
Mahai-ingurua
Amaieran, mahai-ingurua egin da. Hauek hartu dute parte: Jexux Mari Agirrek Karlos del Olmok eta Xabier Aristegietak.
Karlos del Olmok hainbat kontzeptu aldarrikatu du. Batetik, "bi kontzeptu: beharkizuna eta aukera". Bestetik, elementu markatua vs. elementu neutroa. Hirugarrenik, "beste kontzeptu garrantziko bat dugu giza komunikazioaren unibertsalena: SOS eskatzen duten pertsona guztiek antzera antolatzen dituzte berbak munduan barrena. Euskarari ez zaio arrotz gertaera hori. Idaztizkoaren eta ahozkoaren arteko harrenaz mintzatu da jarraian, eta hizkuntzaren bizitasunaz".
Jesus Mari Agirre prosa idatziaren eremuan aritu da. Hizpide izan du, lehenik, Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua, hartatik aipatuz gustatu zaizkion irizpideak eta matizatuz bertako kontsiderazio batzuk. Ondoren, Juan Garziak proposatutako ordenamendua defenditu du (Joskera lantegi, IVAP 1997), iruditzen baitzaio "integrala eta funtzionala" dela.
Xabier Aristegietak euskarazko testuetako perpaus konplexuetan agertzen diren ulergarritasun-problema batzuk agerian jarri ditu, beti ere hiz-ordenarekin loturik daudenean. Bere ustez helburu garrantzitsua hauxe da: perpaus konplexuak euskaratzean, horiek zatitu eta deskonposatu beharrik ez izateko baliabideetan erreparatzea.