Gaur, abenduaren 2an, Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren argitalpen faksimilea aurkeztu da Eusko Legebiltzarrean. Jatorrizko testuaz gain, oraingo ortografiarako egokitutako euskarazko bertsioa ere badu edizio berriak, baita gaztelaniazko, frantsesezko, ingelesezko, alemanezko eta italierazko itzulpenak ere. Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak argitara eman dute eta erakunde bion arteko elkarlanaren emaitza da.
Gaurko aurkezpenenean bi erakundeotako ordezkariak izan dira: Legebiltzarraren Mahaia osatzen duten kideak, Arantza Quiroga presidentea buru zutela, batetik, eta Andres Urrutia eta Xabier Kintana Euskaltzaindiaren euskaltzainburua eta idazkaria, bestetik. Kintana liburuaren koordinatzailea eta edizioaren arduraduna izan da. Liburuak Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzaurrez gain, Kintanaren testu bat ere badu, Etxepareren bizitza eta obraren jakingarri batzuk eransten dituena.
Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentea pozik agertu da Euskaltzaindiarekin egin den elkarlanagatik eta ohoretzat hartu du argitalpen berriaren aurkezpena egin izana: "Etxeparek desira zuen bezala, dokumentu honen bidez agertu nahi du gu harro gaudela geure hizkuntzaz, geure sustraiez, geure bilakaera historikoaz".
Andres Urrutiak ere adierazi du bere poza. Liburuaz hitz egin du, eta, besteren artean, Etxepareren testuaren itzulpenen garrantzia azpimarratu du: "Euskal letretan ezinbesteko den testu hau, munduko beste zenbait hizkuntzatan ere argitaratzen da, hizkuntza horiek baitira euskaldunok beste kultura batzuen berri izan dezaten tresnak eta, aldiz, beste herritar batzuek ere gurea ezagutu dezaten, mundu orokor eta orotariko honen barruan".
Azkenik, Xabier Kintana urte hasieran Legebiltzarrean egin zen erakusketaz mintzatu da, bertan sortu baitzen liburua egiteko ideia: "Euskal Parlamentuak eta Euskaltzaindiak elkarlanean argitaratzen duten oraingo edizio honekin, urtearen hasieran XVI-XVII. mendeetako euskal literaturaz berton eskainiriko erakusketaren osagarri, faksimile berria eskaintzen da. Berau teknologiaren azken aurrerapenez prestatu da, eta aldean espainiera, ingeles, frantses, aleman eta italierazko itzulpenak dakartza, Nafarroa Behereko euskal idazlearen poemak mundu zabalean ezagutarazteko, egilearen nahia betez".
Etxepareren garrantziaz ere hitz egin du Euskaltzaindiaren idazkariak: "Bere garaiko gorabehera erlijioso eta sozial korapilatsuengatik, Bernart Etxepare apaiz nafarraren euskal poemak, Linguae Vasconum Primitiae izenburupean 1545ean Bordelen inprimatuak, ez ziren, egia esan, oso aintzat hartuak bere garaian, orduko giro erlijioso, sozial eta politikoagatik. Egia esateko, Frantziako errege François I.aren 1536ko zorioneko erabakiagatik izan ez balitz, liburuentzako munduko lehen lege-gordailua jarriz, segur aski ez zatekeen guregana heldu obra horretako alerik bat ere. Horri esker, XIX. mendearen erdialdean Frantziako Biblioteka Nazionalean Etxepareren obra aurkitu eta berriro publikatzen hasi zen, batez ere bere interes linguistiko eta filologikoagatik. Denbora pasa ahala, horren gainean egindako ikerketei esker, obraren literatur balioak ere nabarmendu izan zaizkio, eta Etxepare, batez ere, poeta handitzat dugu gaur gogoan".
Eta, azkenean, liburuaren azalaz mintzatu da Kintana: “Liburuan agertzen den irudia -azaldu du- ez da jatorrizko edizioaren azalekoa, barruan, hitzaurrearen ondoan eta poemak baino lehenago ageri den beste bat baizik. Azalekoak Jesus gurutzean hiltzen erakusten zuen. Oraingo honetan, aldiz, Kristoen piztuera ageri da, hilobitik irteten, bi aingeruren artean. Darion sinbologiagatik, eta euskarak aspaldiko urteotan lortzen diharduen berreskurapenari gagozkiola, uste izan dugu berpizte pozgarria egokiagoa izan daitekeela, heriotza tristea baino”.
Arantza Quirogaren hitzaurrea 59,61 Kb
Andres Urrutia: "Etxepare: Hizkuntza, herria eta poesia" 69,97 Kb
Xabier Kintana: "Bernart Etxepare: Bizitza eta lana garai hartako testuinguruan" 175,68 Kb