2017an, Iñaki Caminoren 'Amiküze (h)eskualdeko eskuara' eta Jorge Luis Tejedorren 'Sestaoko toponimia' ikerlanak kaleratu zituen Euskaltzaindiak. Orain, liburu horien bertsio elektronikoa ere kontsulta daiteke gure webgunean.
(Hizkuntza baliabideak=Bildumak='Amiküze (h)eskualdeko eskuara'; eta 'Sestaoko toponimia''Sestaoko toponimia').
'Amiküze eskualdeko eskuara'
Liburu honek urte luzeetako lana dakar, Nafarroa Behereko goi alderdiko ibar bateko euskararen azterketa sakona. Indarra galduz doa euskara Donapaleu buru duen Amiküzeko eskualdean, gizartean ahul dago, horregatik, azken urteetan adineko jendeekin egonez mintzoa biltzea eta aztertzea izan da helburua. Horretarako, Amiküzeko eta ondoko ibarretako herrietara jo du egileak, grabazio luzeak egitera: 49 herritara jo du, adineko euskaldunen etxeetan jarduki du datu biltzen. Bestalde, eskualdeko euskal testu historikoak aztertu dira.
Liburuaren hondarrean interes handiko etnotestu luzeak ageri dira, azken urteetan Amiküzeko hamabost herritan bildu ixtorioak eta baita ibarraren muga ondoko Zuberoako bost herritakoak ere, historikoki Donapaleu eta Maule bitarteko ardatz geografiko-ekonomikoan hizkuntza nola gorpuztu eta bilakatu den leialtasun handiz erakusten digutenak.
'Sestaoko toponimia'
Jorge Luis Tejedor ikerlariak Sestao herri zahar berriaren bilakaera historikoaren ezagutzarako ekarpen preziatua egiten du lan zorrotz eta mamitsu honetan; egileak udalerriko toponimoak (auzoak, ibaiak, lekuak, elizak, etxeak, baserriak, moilak eta abar) aurkezten dizkigu bertan. Erregistro bakoitzaren azterketak testuinguru historikoa eta metalinguistikoa gorpuzten ditu eta, horrenbestez, ezagumen bide anitz libratzen ditu, nahi beste proiekzio ahalbidetuz.
Gainera, herriaren bilakaera historikoaren ezagutzarako oso ekarpen preziatua egiten du, etimologia zientziaren eremutik ikusita. Ezin ahaztu baita, onomastika lana den aldetik, herrialde honetako izen propioen katalogoa izatearen balioa bera, bai filologikoa, bai historikoa.