• Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena berritu dute.
  • Antzinako testu juridikoen erakusketa, izaera lexikografikoko euskarazko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioaren hobekuntza eta mendeurrenaren ekitaldietan parte hartzea aurreikusten da.
  • Hitzarmen honek hiru urteko indarraldia izanen du.
    Nombre del documento 3
    (Sagrario Aleman euskaltzaina, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Patxi Zabaleta euskaltzaina, gaurko ekitaldian, iruñean)

Ainhoa Aznarez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak lankidetza hitzarmena sinatu dute, gaur, euskararen babes eta indartzea helburu. Hitzarmen honen xedeak atal desberdinak ditu. Alde batetik, antzinako euskarazko testu juridikoen erakusketa bat egiteko helburua du; baita izaera lexikografikoko euskarazko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa hobetzekoa ere. Bestalde, Euskaltzaindiaren mendeurrena dela eta, 2018ko eta 2019ko udazkenean antolatuko diren ekitaldi eta jardunaldiak elkarbanatzea aurreikusten da. Proiektu hauetan guztietan euskararen lurraldetako elkarte, unibertsitate eta erakundeek parte hartu ahal izango dute.

Bi erakundeen iritziz interesgarria litzateke antzinako euskarazko testu juridikoen erakusketa antolatzea, behar diren azalpenekin lagunduta, egun lurralde euskalduneko instituzioetan zehar sakabanatuta baitaude. Era berean, garrantzitsua deritzote Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa bateratu eta hobetzeko ahalegina egitea, Hiztegi honen proiektuan landutako esperientzia baliatuz; hiztegi hau lexikografikoa litzateke eta etorkizunean Euskaltzaindiaren Hiztegian jasoko da.

Helburu horrekin, Nafarroako Parlamentuak bere testu juridikoen dokumentu funtseko testuak Euskaltzaindiaren esku jartzeko konpromisoa hartzen du, testu hauek Parlamentuko terminologian eta lexikoan duten balioa aintzat hartuta. Honela, Euskaltzaindiak eguneratze lanak egingo ditu, eta lan honetan beste Parlamentu eta erakunde batzuek ere parte hartuko dute. Lan hau Lexikoaren Behatokia izeneko proiektu zabal baten baitan dago, egun esparru eta formatu desberdinetan erabiltzen diren euskarazko 68 milioi hitz-testutako datu-basea osatzen duena.

Hitzarmen honek hiru urteko indarraldia izanen du; gero, iraupen bereko ondoz ondoko aldietarako luzatu ahalko da. Euskaltzaindiak proposatzen diren egitasmoak egiteko berariaz antolatzen diren lantaldeen koordinazio lana egingo du, eta Nafarroako Parlamentuaren esku jarriko ditu lan horien emaitzak eta erabiltzeko baimenak ere.

Aspaldiko lankidetza

Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak 2015eko urtarrilaren 21ean sinatu zuten lehen lankidetza hitzarmena, lexiko parlamentarioa bateratzeko helburuarekin. Lan honetan Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiek parte hartuko dute. Ainhoa Aznarez Igarza Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren esanetan, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenak "Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari men egiten dio, hizkuntza aniztasuna errespetatzeko bete beharra ezartzen baitie herrialde kide guztiei".

Aznarezek eskerrak eman dizkio Euskaltzaindiari bere lankidetzarako prestutasunagatik, adieraziz “euskararen irudia maila guztietan duin bihurtzeko betebeharra daukagula; eta Nafarroa hizkuntza zahar bezain berri honen bozgorailu eta erreferente bihurtu behar dela, Nafarroako herritarrek daukagun altxorra delako”. Era berean, Ander Irizar eta Mikel Uriarte Parlamentuko itzultzaileei esker ona adierazi die, hiztegi juridikoa osatzeko egindako lanagatik, “erakunde eta administrazioen eguneroko lanean tresna eta lanabes eraginkorra” baita.

29214533 1257112147756494 4489379846703130798 n
(Aznarez, euskaltzainez inguratuta eta Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa osatzen lagundu zuten itzultzaile batzuekin)

Zerbitzu bokazioa
Andres Urrutia euskaltzainburuak Nafarroako Parlamentuarekin hitzarmena berritzeak duen garrantzia azpimarratu du, "2015ean sinatutako hitzarmenak emandako fruituari, Hiztegi Juridiko-Parlamentarioari, alegia, jarraipena ematea ezinbestekoa baita". Urrutiak adierazi du hitzarmen hau "etorkizunera proiektatu" nahi duela Akademiak, mendeurrenaren eskutik.

Euskaltzainburuak azaldu du hitzarmenak lau oinarri dituela: Lehena, Hiztegi Juridikoa hobetzea litzateke, euskarari hiztegigintza juridikoa eskaintzea hizkuntzarentzat mesedegarria baita. Bigarren oinarria Parlamentuaren ekarpenean oinarrituko litzateke, Ganberak euskaraz sortzen duen lan guztia erabilgarria baita Akademiarentzat. Hirugarren oinarria gizarteratze lana da. Dokumentuak guztion eskura jartzearen garrantzia azpimarratu du Urrutiak, euskara lanabes eta tresna izan dadin maila juridiko eta administratiboan.

Azken oinarria Euskaltzaindiaren mendeurrena da. 2018ko urrian hasi eta 2019ko urrira arte iraungo du ospakizunak, eta helburua da Euskaltzaindia 100 urteren ondoren "bizirik dagoela ikustaraztea", baina, batez ere zerbitzu bokazioa mantentzen duela jakinaraztea.

Euskaltzaindiaren ordezkaritza osatu dute Erramun Osa idazkariordeak, Sagrario Aleman diruzainak eta Patxi Zabaleta euskaltzainak. Ganberako egoitzako Lehendakaritza Aretoan izan da ekitaldia, eta beste batzuen artean, Parlamentuko itzultzaileak eta Dabid Anaut (EH Bildu) parlamentarioa izan dira bertan.
 

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh