• Andres Urrutia euskaltzainburuak idatzitako testua, Euskararen Eguna dela eta.

    "IRITSI da berriro, hortxe dugu beste behin ere, euskararen eguna. Guztiok batera goratuko dugu, guztiok batera laudatuko dugu, eta hurrengo egunean guretara itzuli, egutegiaren beste egun bat izan balitz legez. Horra hor gure patua, urtean behin euskararena ospatzearekin nahikoa daukana. Ospatze kontuetan barruraturik, gero eta nabarmenagoa da, behin ospatzekoa igaro ondoren, egunero eta ohikotasunez euskara erabiltzeko premia.

     DSC0028

    Erabilera da gakoa, hala entzuten dugu etengabe. Hala izatea ere ulergarri eta onuragarria da. Euskara aho-mihietan, ezpainetan, gizartean egunero egiten dugun bizimodu horretan erabiltzea, ezinbesteko eta premiazko, beti ere, eslogan hutsa bihurtzen ez bada gure artean, eslogan hori gure arteko kontuetan ondoriorik gabekoa eginez.

Bada, ospatu dezagun euskararen eguna. Bete dezagun egunari dagokion liturgia, baina bilatu dezagun, aldi berean, euskararen presentzia eragile eta ohikoa gure elkarrekiko bizitzan, jendarte zabalean.

Askotan esan ohi da euskara dela euskaldunen nortasuna zehazteko giltzarria. Aurreko hori ukatu ezina bada ere, euskarak behar du izan gure arteko komunikazio tresna eta lanabesa, baliabidea, noranahi eta nonahi.

Halakoa izan dadin ere, gogoratu beharra dago azken urteetan aurrera eraman den prozesua. Euskararen batasunerako oinarriek ekarriko zuten, besteak beste, gerokoa, euskararen ofizialtasuna euskararen lurralde batzuetan aldarrikatu zenean.

Euskara doitu eta egokitu behar zen, garaiko gizarte batek beharrenean dituen erabilera eta funtzioak bete ahal izateko. Egin-eginean ere, horrela egin zen eta zilegi bekit aurten zeregin horretan berrogei urte bete dituen UZEI gogora ekartzea, lan mardula ez ezik eredugarria ere egin baitzuen eta egiten dihardu, egun ere, arlo eta esparru horretan. Modu horretan ondu ziren, euskalgintzaren eragile askorekin batera, gure oraingo euskara batuaren nondik norakoak.

Sarritan egotzi zaio euskararekiko hizkuntza politikari ikuspegi falta edota ebaluaziorako gogo mentsa. Izatez, halako azterketa egitea beti da baliagarri. Bide beretik ere, euskararen eguna ospatzen ari garen honetan, Euskaltzaindiaren 100. urteurrena gogoratu behar, 2018-2019 urte bitartean  euskararen Akademiak gizarteratuko baitu bere mendeurreneko ospakizuna.

Ehun urte bizirautea ez da erraza izan, ez eta euskararen esparruan eta erakundetze lana euskararen lurralde guztietan eta kanpoaldean egitea. Iraganari so baino, etorkizuna aintzat hartzea eta egoki zertzea ere, bazter utzi gabe, puri-purikoa eta saihestezina da.

Askotan esan eta idatzi dut euskararen batasunak ez dakarrela, nahitaez, euskararen hizkeren arteko eraberekotasuna. Euskara batua behar dugu euskara kultura hizkuntza izan dadin, bide horretan jarraitu nahi badugu. Euskararen hizkera guztiak behar ditugu, horrela, pluralean, tokian tokiko euskara bizi horiek osatzen baitute euskararen enborra eta zutabea.

Euskara betidaniko mintzamoldea izan dutenekin batera, euskara lehendik ezagutu ez eta hizkuntzaren erabilera egunero sustengatzen duten horiek ere behar ditugu gure hizkuntzaren erkidego edo komunitatean, besteak beste, baztertzaile izan beharrean, orohartzaile izan dadin eta irekia, erabat irekia, beste hizkuntza eta kulturen aurrean, jada gure artean bizi direnak.

Euskararen eguna, egunaren urtea. Modu horretan hasi naiz. Hasian hasi, halabeharrez gogoratu behar, eguna dela urtea banatzeko eta zenbatzeko unitatea, hilabeteen barnean. Hainbatez, euskararen eguna baino, egunaren urtea behar dugu, urtean zeharreko egun guztiak izan daitezen euskararen egunak eta, zer esanik ez, urtearen urteak ere euskararen urteak izan daitezen.

Egunak, hilabeteak, urteak, mendeak,… aurrera doaz eta euskara doa aurrera eurekin batera, euskal gizartearen arabera. Horixe da, hain zuzen ere, gure zeregina euskararen egunean, urteko beste edozein egunetan bezalaxe: zin-zinez bermatzea beste egun batzuk ere etorriko direla, beste urte batzuk ere etorriko direla eta hortxe izango dugula euskara, ondo sustraiturik eta egokiturik, aldian aldiko premia eta beharren arabera.

Horixe da euskararen eta euskaldunon ekarria, eta ekarri horrek eskatu, eskatzen eta eskatuko du atzo, gaur eta bihar ekarri hori sendotzea eta finkatzea guztion artean".

Andres Urrutia
Euskaltzainburua

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh