• Hermes aldizkariaren 57. zenbakiak 'Euskarak tokia hartu ahal izateko hizkuntza politikaz' mintegiaren ondorioak biltzen ditu, edizio zaindu eta mamitsuan.
  • Ekainaren 14an egin zen mintegia, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatuta.
  • Zenbaki berri honen kolaboratzaileen artean daude, besteak beste, Bingen Zupiria, Beñat Arrabit, Mathieu Bergé, Jasone Agirre, Idoia Mendia, Laura Garrido, Mertxe Mujika, Jon Sarasua, Erramun Osa, Ana Ollo, Ana Esther Furundarena, Iñaki Arruti, Iñaki Alegria, Kike Amonarriz eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
  • Irudiak eta ilustrazioak Zaloa Ipiña artistak egin ditu.

    DSC 0005
    (Hermes aldizkariaren 57. zenbakiaren aurkezpen ekitaldia)

Datorren abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Sabino Arana Fundazioak pentsamenduaren eta historiaren inguruan plazaratzen duen aldizkariaren ale berezia aurkeztu du. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika arduradun gorenen eta kultura arloko pertsona esanguratsuenen iritziak eta gogoetak jasotzen dira.

'Euskarak tokia hartu ahal izateko hizkuntza politikaz' izeneko mintegia egin zen ekainaren 14an, Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren ekimenez eta, bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika arduradun nagusiak batu ziren iritziak trukatu, Euskal Herriko lurraldeetan arlo horretan garatzen ari diren proiektuak eta lan ildoak ezagutu, eta etorkizunean landu daitezkeen koordinazio aukerak aztertzeko xedez.

Jardunaldi horretatik atera ziren ondorioetan eta gure lurralde historikoetako erakundeetako zein kultura arloko ordezkari nagusien idatzizko kolaborazioetan oinarri harturik, Hermes aldizkariaren ale berezi hau (57. zenbakia) atondu da.

Hain zuzen ere, ale bereziak ondokoen kolaborazioak jasotzen ditu: Bingen Zupiria, Ana Ollo, Mathieu Bergé, Jon Aizpurua, Andres Urrutia, Jasone Agirre, Iñaki Alegria, Kike Amonarriz, David Anaut eta Rebeka Ubera, Beñat Arrabit, Mikel Arregi, Iñaki Arruti, Alberto Barandiaran, Garbiñe Biurrun, Sebastien Castet, Jean-Baptiste Coyos, Miren Dobaran, Ana Esther Furundarena, Laura Garrido, Roberto González de Viñaspre, Andrés Iñigo, Iñaki Irazabalbeitia, Mikel Irizar, Lander Martínez, Iñaki Martínez de Luna, Igone Martínez de Luna, Idoia Mendia, Garbiñe Mendizabal, Mertxe Mujika, Inma Muñoa, Patxi Sáez Beloki, Jon Sarasua, Jon Zarate eta mintegiko nahiz ale berezi honen koordinatzaile izan den Erramun Osa. Zaloa Ipiñak, berriz, irudiz hornitu du zenbaki hau.

24176632 1188071047993938 5438819430747244301 n

Erabilera erraztu
Hermes aldizkariaren zenbaki honen aurkezpenean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “euskararen bilakaera azken hamarkadotan ikusgarria izan da eta errealitate berri baten aurrean kokatu gaitu”. Zupiriaren esanetan, “gure hizkuntzak milaka hiztun irabazi ditu, eta nabarmendu behar da euskal hiztunen profila zeharo aldatu dela. Lehen ez bezala, gaurko hiztun gehienek euskara etxetik kanpo jaso dute eta euskara nagusi ez den inguruetan bizi dira”. Horregatik, sailburuak azpimarratu du “erakundeon eta euskalgintzaren erronka nagusietako bat euskararen erabilera erraztuko duten baldintzak lortzea dela”.

​Ildo beretik, Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu du “hizkuntza politika eta politikaren hizkuntza barruratzen dituen tenore batean gaudela, arloko eragileei, publikoei nahiz pribatuei, erantzukizun pertsonala eskatzen diena, horren bultzatzaile izan gaitezen”. Era berean, Euskaltzaindiko buruak adierazi du “hitzetik ekintzara joan beharra dagoela eta, horretarako, gizartean ondu diren eta ondu daitezkeen erakunde desberdinak aintzat hartu behar direla”.

Beste alde batetik, Juan Mª Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakariak gogorarazi du igandean “Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugula” eta horri lotutako ekimenaren azken helburua dela herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea, “herritarrak horretarako aktibatzea”. “Zalantza barik, aurrera egin dugu euskararen normalizazio bidean, baina garbi dago orain arte egindakoarekin nekez lortuko dugula orekan eta berdintasunean oinarritutako hizkuntzen arteko bizikidetza”, adierazi du Atutxak. “Guztiok parte hartu behar dugu, euskarak denok behar gaitu”, esan du Sabino Arana Fundazioko lehendakariak.

24131013 1188071051327271 2818021377568196225 n

Hiztun pasiboak
Azkenik, Hermes aldizkariko zuzendari José Antonio Rodríguez Ranzek aitortu du aurrera egin dugula eta aurrera goazela, “baina hori ez dela nahikoa”. Rodríguez Ranzen aburuz, “globalizazioa dugu mehatxu, hizkuntz nagusien hegemoniaren eraginez, baina, aldi berean, aukera da, aniztasuna delako mundu global horren berariazko osagarria”.

“Begia hiztun pasiboetan jarri behar dugu, hizkuntza ohituren aldaketan, teknologia berrietan, gazteetan, prestigioan, berdintasunean eta hizkuntzen arteko elkarbizitzan. Eta horretarako bidea elkarlana da” adierazi du Hermes aldizkariko zuzendariak.

Amaitzeko, Rodriguez Ranzek nabarmendu du ale berezi honetan ageri diren 35 ikuspegiak, hein handian, “osagarriak direla, apenas kontrajarriak. Erronka nagusia dugu bidea elkarrekin egitea, nork bere erritmoan, batzuk mantsoago eta beste batzuk azkarrago”, baina elkarrekin, azken batean.
 

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh