• Euskaltzaindiak 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA)' egitasmoa oinarritzat duen erakusketa inauguratu du, gaur, Baionako Euskal Museoan.
  • Irailaren 11tik urriaren 1a arte egonen da zabalik (10:00-18:30), egunero. Sarrera urririk izanen da.
  • Erakusketa berri honetan arreta berezia jarri da Ipar Euskal Herriko grabazioetan emandako informazioan (formak, berezitasunak, berri-emaileak, audioak…).
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Euskara oro dira elkarren aberasgarri, euskara batua, berriz, guztien pizgarri”.
  • Ander Toña (Laboral Kutxako ordezkaria): “Erakusketa honek duen izaera etnografikoari esker, gaur egungo eta antzinako bizitzaren, ezagutzaren, usadioen, lanbideen, jardueren eta abarren xehetasunak ezagutuko ditugu”.
    DSC00073
    (Euskal Museoko arduradunek harrera beroa egin diote erakusketari)

Zer da ‘Euskara Ibiltaria’?
‘Euskara Ibiltaria’ Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa oinarritzat duen erakusketa ibiltaria da. Erakusketa honen helburu nagusia erakustea da, gure hizkuntzak tradizioz bizi izan den lurralde osoan nolako formak hartzen dituen (mapen eta irudien bidez). Orain arte ‘Euskara Ibiltaria’ren hiru edizio egin ditu Euskaltzaindiak, Beasainen, Portugaleten eta Bilbon.

Zein dira erakusketaren helburuak?
Aipatu dugun bezala, helburu nagusia euskarak zenbait alorretan (lexikoan, izen-morfologian, aditz-morfologian, sintaxian...) bere lurralde osoan hartzen dituen formak eta aldaketak erakustea da.

Hala ere, badira beste helburu batzuk:
•    Atlas linguistiko bat zer den azaltzea eta erakustea.
•    80ko hamarkadan abian jarri zen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren historia gizarteratzea.
•    Euskararen hizkuntza atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea.
•    Bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzera ematea etnolinguistikaren arabera.
•    Euskalki eta hizkeren alorrean euskarak duen aberastasuna ikastetxe, euskaltegi eta bestelako ikasle eta irakasleei ezagutzera ematea.
•    Euskaltzaindiak gaur egun eskaintzen dituen baliabideak eta materialak ezagutzera ematea, EHHA oinarritzat hartuta.

Zer ikus daiteke ‘Euskara Ibiltaria’ erakusketan?
Erakusketa honetan honako material hauek aurkituko ditu bisitariak:
-EHHA egitasmoaren historia laburra (90zm x 130zm-ko zazpi paneletan banaturiko testuak eta irudiak).
-Bariazioak erakusten dituzten mapak eta hauen interpretazioak (70x95 zm-ko 27 paneletan banatuta). Arreta berezia jarriko da Iparraldeko grabazioetatik emandako informazioan (Iparraldeko formak, berezitasunak, berri-emaileak, audioak...).
-Euskararen hizkuntza atlasa lantzeko erabilitako material: erantzun koadernoak, argazkiak, CDak...
-EHHAk argitaraturiko lanak: zortzi liburuki gaur arte, Ohiko mintzamoldeen antologia, CDak...

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh