Pasa den 2017ko urtarrilean, Euskararen I. Plan Estrategikoa onartu ondotik eta haren garapena abian jartzearren, Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu baten proposamena prestatu du, Euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

NaEuskara3eu

Kontuan izan behar da 1986ko Euskararen Legearen ondotik, gai honen inguruko bi dekretu izan direla aipagarrienak, Foru Komunitatean euskararen erabileran eragin zuzena izan dutenak. Bata, 1994koa, Juan Cruz Alli presidentearen garaian onartutakoa, Bertzea, 2003koa, Miguel Sanzen agintaldian onartutakoa. Lehenbiziko hark, zuhurki bazen ere, euskararen erabilerarako ireki zituen bideak murriztea izan zuen helburu bigarrenak, eta azken hau da gaur den egun arte indarrean dagoena.


Egoera honen aitzinean, Nafarroako Gobernuak orain aurkeztutako proiektuaren xedea da, lehenik eta behin, 2003koa alde batera uztea eta, aldi berean, tresna berri bat izatea euskararen erabileran urrats berriak egin ahal izateko.

Jakina da dekretuak ezin duela bere gainetik duen legea gainditu, alegia, ezin duela urratu gainetik duen lege horren marko juridikoa (kasu honetan, 1986ko Euskararen Legea). Baina egia ere bada, jokatzeko moduaren arabera, zuhurtziaz ala ausardiaz, modu ezberdinean aprobetxatzen ahal direla legearen zirrikituak.  

Euskararen Nafar Kontseiluak oniritzia eman ondotik, Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen dekretu berriari dagokionez, Foru Komunitateak euskararen garapenerako, normalizaziorako eta etorkizunerako behar duen tresnarik egokiena ez da. Hala ere, argi samar ikusten da indarrean dagoen 2003koa baztertu eta urrats berriak egiten hasteko baliagarria izaten ahal dela, Nafarroako Parlamentuak 1986ko Euskararen Legea aldatzeko erabakia hartzen ez duen bitartean.

Euskaltzaindia (Komunikazioa eta Irudia)

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh