Andres Urrutia euskaltzainburuak berbaldi txiki bat eskainiko du sarrera-ekitaldian, hamarrak aldera.
Igande honetan, maiatzak 14 dituela, euskaltzalez beteko da, berriz, Senpereko ingurunea, eta bertan izango da, beste behin, Euskaltzaindia. Jakina denez, eta iazko festan gertatu zen bezala, aurtengo diru-laguntza Baionako Bernat Etxepare Lizeoarentzat izango da.
Goizeko 10:00etan, Senpere aintzirako Ur Hegia etxean antolatu da aurtengo protokoloa. Ekitaldian agintari ugarik parte hartuko du, hurrenez hurren: Pierre Marie Nousboum Senpereko auzapezak; Andres Urrutia euskaltzainburuak; Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak; Sylviane Alaux Senpere eskualdeko diputatuak; Jean Jacques Lassarre Pirineo Atlantikoko lehendakariak; Mathieu Bergé Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Jean René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak eta Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Aurtengo omenduek -erretiratutako hiru irakasle- ere parte hartuko dute ekitaldi honetan.
Hortik aurrera, zabalik izango da Senpereko aintziraren inguruan moldatu duten zirkuitua. Guztira, 2.500 lagunek zainduko dute ibilbidea, eta Haurren Txokoa zein bost eszenatoki jarri dituzte bisitarien gozamenerako.
Aurtengo Herri Urrats '(h)aizu' lelopean iraganen da, eta jaialdiaren logoa Bruno Aguerre euskal artistak sortu du (koloreztatutako esku bat irudikatzen da kartelean).