• Euskal hedabideen elkarlana bideratzeko xedearekin sortu zen Hekimen (Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen Elkartea), 2012an. Baina ez horretarako bakarrik, euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzeko asmoa ere aitortu baitzuten hasiera-hasieratik.
  • Ezaugarri nagusi bi dituzte Hekimen-en parte hartzen duten hedabideek: euskara hutsez jarduten dute eta ez dira publikoak.
  • 2013tik, Alberto Barandiaran da Hekimeneko zuzendaria. Esperientzia handiko kazetaria da Barandiaran, eta datorren asteazkenean Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egingo den jardunaldian parte hartuko du, horretarako 'Esparru berria garai berrirako' berbaldia prestatu duela.
  • 'Euskal hedabideak, itun bila' jardunaldia elkarlanean antolatu dute Hekimenek eta Akademiak, eta goizeko 9:00etan hasiko da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzaurrearekin. Sarrera doakoa da.

    Alberto Barandiaran (Hekimen)
    (Alberto Barandiaran, Hekimen-eko zuzendaria)

Alberto Barandiaranek badaki euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra, baina, aldi berean, sektoreak dituen indargunean ere ezagutzen ditu: jende askok osatzen du eta pertsona askorengana iristeko ahalmena du hedabide txikien sareak. 600 langile inguru biltzen dira hedapen handia duen esparruan. “Hor badago potentzial bat”, esan dio Barandiaranek Plazaberriri, eta ondorengo urteetan etekina atera nahi diote indar horri.

'Itunaren bila' izenburupean egingo da 22ko jardunaldia. Zer nolako ituna behar du euskarazko kazetaritzak?

Itun hitza zabala da eta uler daiteke kontsentsua, akordioa... Kontsentsu bat bilatzen dugu hedabideen sektoreak behar dituen beharrei aurre egiteko. Gero, zailena izango da adostea zehazki zer behar den, baina, horren aurretik, uste dugu aitortza bat behar duela sektoreak.

Aitortza faltan dago?

Aipatzen dira beti normalizazioaren hiru oinarri: irakaskuntza, administrazioa eta hedabideak. Euskarazko irakaskuntza araututa dago, administrazioan badago kontsentsu bat euskararekiko -gero, beste kontu bat da noraino irizten den...-, eta, ordea, hedabideen onarpenak ez dakar atzetik egonkortasuna ziurtatuko lukeen esparru bat. Aspaldi erabaki zen irrati eta telebista publikoak sortzea, derrigorrezkoak zirelako gure hizkuntzaren biziraupenerako. Eta, kritikak kritika, inork ez du zalantzan jartzen horiek behar dituzten baliabideak. Baina horien inguruan osatu den sektorea, herri ekimenetik jaio dena eta EiTBk betetzen ez dituen esparruak betetzen dituena, sektore horren inguruko adostasunik ez dago, hau da, sektore horren egonkortasuna ziurtatuko duen kontsentsu bat falta da, itun bat.

Baina, asko edo gutxi, Jaurlaritzak bideratzen ditu diru-laguntzak sektorearentzat.

Bai, hori ezin da ahaztu, baina horrekin eta hedabideen bestelako diru sarrerekin ez da iristen. Horrekin biziraupena ziurtatzen da, baina hedabideek ezin dute aurrera begira jarri, inbertsio berriak egin, langileei eutsi... Eta esperientzia eta kalitatea galtzen da bidean.

Sektorea elkartuta dago, behintzat.

Bai. Duela lauzpabost urte kosta egiten zitzaigun hori sektore bat zela bisualizatzea. Hekimenek hori bisualizatu du.

Hekimenek badauka nahikoa indar administrazioa presionatzeko?

Lau urte daramatzagu beste testuinguru bat bilatu nahian; lobby bezala funtzionatu nahi dugu, zentzu onean, hau da, ahots bateratu bezala funtzionatu nahi dugu administrazioaren aurrean, euskal hedabiderik gehienak oso txikiak direlako.

Eta zer eskatuko diozue administrazio berriari?

Lankidetza esparru bat, non atzertuko den sektoreak zein beharrizan dituen. Nik uste Gobernu berriarekin aukera badugula.

Hekimenen identifikatu dituzue beharrizan horiek?
Bai. Gure hedabide gehienen tamaina da ajeetako bat, euskara elkarteek sortuak direlako. Eta profesionaltasuna eta militantzia tartekatzen dute, baina, esaterako, berrikuntza estandarretara heltzea kosta egiten zaie, teknologia berriek dirua eskatzen dutelako (esaterako, eskuko telefonoetan presentzia izateko). Batuz gero, agian konpon daitezke kontu horiek. Beste aje bat da kazetarien eta langileen baldintzen prekarietatea. Baina hemen daude soldatapeko langileak eta militanteak, eta gauza ona ere bada hori, erakusten dugulako balio sozial handia dagoela hor, kontabilizatzen ez den balore bat. Eta irismen handia dute hedabide txikiek ere, herri elkarte askorekin harremana, atxikimendu zabala leku askotan... Hori dena positiboa da, eta batzuetan ez da baloratzen.

Baina konpetentzia gogorra dute.
Bai, hori da beste aje edo zailtasun bat. Gainera, gure irakurleak erdal irakurleak ere badira, beraz, partekatzen dugu merkatua hedabide erraldoi batzuekin.

Itun hori derrigorrezkoa da, lehenbailehen lortu beharreko zerbait?
Bai, baina ituna planteatzen dugunean ez dugu bakarrik diru gehiago eskatzen, ez. Nahi duguna da begiratu kontsumoak nolakoak diren, jendeak zer eskatzen duen eta abar, igual egiten gabiltzan proiektuak ez direlako jendeak nahi dituenak. Edo bai, baina beste ikuspuntu batetik egin behar dira.

Jendeari begira egoteak baditu bere arriskuak, batez ere kazetaritza serioa edo duina egin nahi bada.
Bai, baina entzun nahi dugu jendeak zer eskatzen duen, eta administrazioak esan nahi diguna jaso. Horren ostean ikusiko dugu zein bide jarraitu, zein produktu egin. Lehendabizi, aitortza bat behar du sektoreak, eta hori elkarrizketatik etorriko da, guztiok urratsak ematen baditugu. Sektorea ematen ari da, eta orain administrazioari eskatu nahi diogu konpromisoa.

Garaiak ez dira onak hedabide tradizionalentzako.
Joera aldaketa izugarria dago, kontsumo aldaketa handia, eta produktu kalitatezkoak eginda ere paperezko kontsumoa jaisten ari da.

Baina garai txarragoak bizi izan dituzte euskarazko hedabideek.
Bai, momentu hau euskal hedabideen historiako onenetakoa da. Inoiz ez da egon hainbeste euskarazko hedabide gurean, desberdinak eta horrenbeste hartzaileekin. Hori bai, arazo handiak ditu sektoreak. Egoera larrian dago, eta eskertuko nuke enpresen artean lankidetza gehiago balego, ausardia gehiago egongo balitz... Baina ez dugu negarrik egingo, oso bidegurutze larrian gaude eta erronkak dira orain dela 20 urte baino askozaz latzagoak. Zergatik? Dena dagoelako mugituago, globalizatuago, aldaketak azkar suertatzen direlako, askotan kontrolatu ere ezin ditugula egin... Arrisku asko daude, baina aukera asko ere bai, eta ausardia puntu batekin jokatzeko aukera ikusten dut nik. Esperimentatzeko garai polita da.

Zuk esparru berriari buruz hitz egingo duzu 22ko hitzaldian.
Bai, sektorearen osagarritasuna kokatzen ahaleginduko naiz, hau da, saiatuko naiz ikusten ea arlo publikoak, arlo pribatuak eta herri ekimeneko hedabideak ekosistema bat osatzen duten elkarrekin. Eta aztertu beharko dira hor dauden problemak eta historikoki zein arazo egon diren, eta gero ikusi zer egin daitekeen. Nire aurretik hitz egingo dutenek gaia kokatuko dute, nolako hedabideak ditugun, zer nolako ereduak dauden... Eta gero saiatuko gara eredu bat irudikatzen, edo, gutxienez, eredu horretaz hitz egiten.

Beraz, Administrazio berriarekin berba egiteko astirik ez duzue izan...
Estitxu Alkortarekin egon gara eta jarrera ona ikusten dugu, badago interes bat. Besterik egiteko astirik ez dugu izan. Baina orain, Gobernu berri bat egotea aukera bat da guretzat; aro berri baten atarian gaude eta adostasunak bilatzeko aukerak ikusten ditugu.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh