Aurten bete dira 100 urte Jose Manuel Etxeita idazle mundakarra hil zela. Hori dela-eta, uztailaren 10ean, bere omenezko jardunaldia egingo dute Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak. Omenaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Juan Tribisarrospe Kultura Etxean. Egun berean, Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak ere bilera egingo du, 13:30ean.
Hau izango da egitaraua:
- Aitor Egurrola alkatea. Sarrera-hitzak
- Jon Kortazar: "Josetxo eta Etxeitaren biografia"
- Ana Toledo: "Ardibasotik Ardibasorako joan-etorria"
- Adolfo Arejita Iker sailburua. Agur-hitzak
Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga 1842ko abenduaren 14an jaio zen Mundakan (Bizkaia). Gaztetatik ibili zen itsasoan, eta gerora Bilbora joan zen Nautika ikastera. Pilotu titulua eskuratuta, mundu zabaleko itsasoetan ibili zen hainbat urtetan.
Manilan (Filipinak) 16 urte eman zituen Larrinaga y Compania etxekoekin lanean. Han, besteak beste, Kaia Batzordeko partaide izan zen; Filipinetako Administraritza eta Tabako Elkarteko aholkulari; Itsas Bazkuneko zuzendari eta Merkataritza Ganbarako lehendakari. Eta baita hiriko alkate ere.
Hala ere, Mundakara bueltatzea erabaki zuen, eta hor geratu zen betiko. Bertan, itsas astronomia, musika eta euskara lantzeari ekin zion. Idazle oparoa izan zen eta ipuinak, olerkiak, eleberriak eta itzulpenak egin zituen, eta kazetari jardun zuen. Bere lanik ezagunenak Josetxo (1909) eta Jayoterri maittia (1910) nobelak dira.
Horietaz gain, Mari-Jesus ta Iru artzañak ipuina (1908); Oroitzapenak nobela; Ziñistuten dot Jaungoikoa'gan itzulpena (1914); Urikoa (1914) komedia eta Itsasoa (1912) eta Au, ori ta bestia (1914) olerkiak idatzi zituen.
Mundakan hil zen, 1915ean.
Jose Manuel Etxeita omentzeko egitaraua ekainaren 10ean abiatu zen Mundakan. Izan ere, egun horretan ekitaldi bi egin ziren: batetik, Edorta Jimenez idazleak "Etxeitaren negua Irlandan" izeneko hitzaldia eman zuen; bestetik, "Jose Manuel Etxeita, 100 urte" erakusketa zabaldu zen. Abuztuaren 10a arte egongo da zabalik, idazle omenduaren izena daraman Udal Liburutegian.
Comments