Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) ezagutzera ematea. Helburu hori du maiatzaren 28an Beasaingo Igartza Jauregian zabalduko den erakusketak. "Euskara ibiltaria" da bere izena eta Akademiak, Beasango Udalak eta hasieratik egitasmoa babestu duen Laboral Kutxak antolatu dute. Ekainaren 5era arte egongo da zabalik.
Maiatzaren 28an erakusketak inaugurazio bikoitza izango du: goizean, Beasaingo ikastetxeetako ikasleei zuzenduta egongo da; arratsaldean, aldiz, inaugurazio ekitaldi nagusia egingo da.
Hala, goizean, Beasaingo ikasleak izango dira gonbidatu nagusiak. Aritz Abaroa eta Amaia Jauregizar EHHAko teknikariek bi hitzaldi didaktiko eskainiko dizkiete, goizeko 10:00etan eta 11:15ean, eta bisita gidatuak ere egingo dituzte.
Arratsaldean, 18:00etan, erakusketaren inaugurazio ofiziala egingo da. Horren ondoren, 19:00etan, ekitaldi nagusia izango da. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain EHHAren arduradun teknikoak parte hartuko dute, eta eurekin batera Laboral Kutxaren eta Beasaingo Udalaren ordezkari bana izango dira. Arratsaldeko ekitaldira joan nahi izanez gero, maiatzaren 25a baino lehen egiaztatu beharko da, honako helbide edo telefono zenbakian:
- 94 415 81 55 telefono zenbakia
- Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidea
Aurreneko sei liburukiak kalean
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.
Orain arte EHHAren 6 liburuki kaleratu dira. Aurreneko laurak Euskaltzaindiaren webgunean daude kontsultagai. Horrezaz gain, V. liburukia ikusgai eta entzungai dago webgunean: batetik, liburukiaren testu osoa PDF formatuan irakur daiteke osorik; eta bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun ere egin daitezkeela.
2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak honako gaiak jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astearen egunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.
Hirugarren liburukian (2011n argitaratua) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.
Argitaratu den azken liburukiak, seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.