Apirilaren 6an, Pazko Astelehenean, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da. Goizeko 10:45ean, Euskaltzaindiak hiru liburu aurkeztuko ditu: Bahnar deitu Salbaiak. Liburu hau Pierre Dourisbourek idatzi zuen, frantsesez eta Jean Elissalde "Zerbitzari"k euskaratu zuen. Henri Duhauk prestatu du edizioa; Natalia M. Zaïkaren Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les versions bilingues de 1873 à 1942; eta Txomin Peillenek prestaturiko Mongongo Dassanza. Albaitaritza idazlanak (1692-1892).
Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarra herriko kiroldegian egingo da, urtero legez. Aurtengo edizioan I. Mundu Gerrari buruzko erakusketa egongo da, "Euskal Herria eta Gerla Haundia (1914-18). Zer gelditzen da Gerla Handiaz?" izenekoa.
Euskaltzaindiaren aurkezpena goizeko 10:45ean izango da.
Bahnar deitu Salbaiak
Bilduma: Euskaltzainak, 24
Egilea: Pierre Dourisboure
Euskarazko itzulpena: Jean Elissalde "Zerbitzari"
Paratzailea: Henri Duhau
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa, Beskoitzeko Herriko Etxea, Euskaltzaleen Biltzarra
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 12 €
“Les Sauvages Bahnars” Pierre Dourisboure apaiz misiolari beskoiztarrak idatzi zuen 1870ean, gaur egungo Kanbodia, Thailandia eta Laos estatuek osatzen duten lurraldeetako Bahnar jendearen ezaugarriak deskribatu asmoz. Orduan Frantziako kolonia ziren lurralde haietara joanak ziren apaiz misiolariak.
Charbonnier Jaun apezpikuak tribu harengan kristautasuna nola hedatu zen idazteko eskaria egin zion eta hortik abiatu zen Dourisbouren lana.
1929an, Jean Elissalde “Zerbitzari” Azkaineko idazle eta euskaltzainak liburu hau euskarara itzuli zuen “Bahnar deitu Salbaiak” izena emanez. Orain Henri Duhauk “Zerbitzari”ren itzulpen honen beste edizio bat aurkezten du. Sarrera egiteaz gain, testua ulertzen lagunduko duten garai hartako beste idatzi batzuk erantsi ditu.
Mongongo Dassanza. Albaitaritza idazlanak (1692-1892)
Bilduma: Euskaltzainak, 25
Paratzailea: Txomin Peillen
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 12 €
1690 inguruan, nekazariendako abere sendakuntzako liburua idatzi zen lapurteraz. Egilea Donibane Lohizuneko kimikari bat zen: Mongongo Dassanza. Liburua egiteko oinarri nagusia L'Agriculture et la Maison Rustique 1583an argitaraturiko lan ospetsua izan zen.
Dassanzaren liburu osoa ez da aurkitu, bai ordea liburu hau oinarritzat hartuz, idatzi ziren lau idazlan:
- Baigorrikoa, XVII. mendekoa omen dena, eta nagusiki behe-nafarreraz idatzia dagoena
- Peillen Barkoxeren eskuizkribua, XVIII. mendekoa eta lapurteraz idatzia
- Garazikoa, Bertrand Goyenetchek idatzia (1830-1831)
- Amikuzekoa, Jauregiberryrena (1891koa nonbait)
Txomin Peillen paratzaileak, idazlan hauetan ematen diren animaliak sendatzeko errezetak bildu eta ordenaturik ematen ditu, errezeta bakoitzari bere albaitaritzako iruzkina gehituz.
Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les versions bilingues de 1873 à 1942
Bilduma: Iker, 31
Egilea: Natalia M. Zaïka
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Frantsesa
Prezioa: 20 €
Natalia Zaïkak euskarazko ipuin batzuri hurbilketa testulogikoa eta konparatiboa egiten du, lau ipuin biltzaileren uzta ikertuz. Ipuin bilatzaileak honako hauek dira: Resurrección María Azkue, Jean Barbier, Jean-François Cerquand eta Wentworth Webster. Epe historikoa ere mugatu du, 1873tik 1942raino.
Natalia Zaïka San Petersburgoko Zientzia Akademiaren kidea da. Lan hau bere tesia da, Aurelia Arkotxa eta Viktor S. Kharakovsky irakasleen zuzendaritzapean burutua. San Petersburgoko Zientzia Akademiaren, Bordeleko Montaigne Unibertsitatearen eta CNRSko UMR 5478 taldearen arteko elkarlanaren fruitua da.