2009tik hona, bultzada handi bat eman dio Euskaltzaindiak Hiztegi Batuari, horretarako sortu zuen Hiztegi Batua (2. itzulia) Batzorde Ahaldunduaren lanari esker. Horri esker, 2. itzuli osoa amaitutzat eman du, Osoko Bilkurara joan aurretik eztabaidatu baititu Batzorde Ahaldunduak arazoak zituzten formak, eta onartzekoak bakarrik eraman baitira bilkurara.
Hiztegi Batuak hitzen forma estandarrak biltzen ditu, “hiztegi ortografikoa” da. Euskaraz idazterakoan sortu izan den hainbat zalantzari erantzuna ematera dator, hala nola beste hizkuntza batzuetan jatorria duten nazioarteko hitzen formak (iceberg, webgune, etab.), nazioartekoak izan ez arren erabilera zabala dutenenak (txupete), hainbat herrialdetako biztanleak adierazten dituzten hitzenak (hegosudandar, jubatar, etab.), arazo konplexuagoak izan ditzaketen forma berrienak (immunoeskasia, etab.) eta beste zenbait arazo zituztenak finkatzen ditu. Horretaz gain, lehendik arauturik zeuden forma batzuk ohar argigarriz eta xehetasunez osatu dira.
Bestalde, Hiztegi Batuko forma bakoitza erabakitzeko Euskaltzaindiak erabili dituen irizpideak ezagutu nahi dituenarentzat webguneak badu Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) izeneko atala. Hiztegi Batua landu denean egin diren txostenak, iritzi-emaileek edo euskaltzain osoek egin dituzten oharrak eta hartu diren erabakien zergatiak gordeta dauzkan datu-basea kontsulta daiteke HBO izeneko gunean, hemen.
Joan zen udazkenean, Hiztegi Batuaren lehen itzuliko sarrerak eta azpisarrerak beren kategoria gramatikal, adiera, adibide, espezialitate-marka eta erabilera-oharrez hornituak dituen Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak argitaratu zen, eta lanean ari da lantalde bat orain webguneratu den eduki osoa era berean prestatzen.