"Mugarik Gabeko Telebista" kanpainak bildutako 559.759 sinadura ontzat eman dituzte
"Mugarik gabeko telebista" kanpainak ezarritako helburua lortu du, eta hala onartu du, idatziz, Espainiako Hauteskunde Erroldaren bulegoak: bertan entregatu dira 651.650 sinadura, horietatik 559.759 ontzat eman direlarik. Hortaz, herri ekimenari esker, pausorik garrantzitsuena eman da, eta lortu behar zen sinadura kopurua erraz gainditu da. Acció Cultural del País Valencià elkarteak adierazi duenez, lanean dihardu, lege proiektu bat aurrera irten dadin.
Euskal Herrian, eta batez ere Nafarroan, kanpainak arrakasta handia izan du. Hala, Euskaltzaindian 12.420 sinadura bildu ziren. Jakina denez, "Mugarik gabeko telebista" kanpaina Herrialde Valentziarrean sortu zen, eta bere xede nagusia hauxe da: hizkuntza bera duten erkidegoetan irrati-telebista emisioak jaso ahal izateko eskubidea legez bermatzea eta, horren ondorioz, Nafarroan Euskal Telebista ikusten jarraitzea. Euskaltzaindiarekin batera, Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak babestu zuten kanpaina hau.