Xalbador Eguna urriaren 10ean eta 11n egingo da Urepelen (Nafarroa Beherea) eta Fernando Aire Xalbador bertsolari zenarekin batera, Ximun Ibarra Zubikoa eta Juan Joxe Eizmendi Errezil bertsolariak gogoratuko ditu. Deiadarra elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatzen dute, eta bi erakundeotako ordezkariek aurkeztu dute gaur, irailaren 3an, aurtengo egitaraua.
Itxaro Bethartek, Deiadarra elkartearen izenean, Xarles Videgain Euskaltzaindiko Iparraldeko ordezkariak eta Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzainak Baionan eta Donostian eman dituzte egitarauaren xehetasunak.
Kalakan taldearen kontzertuarekin hasiko da Xalbador Eguna, urriaren 10ean. Igandean, aldiz, Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia egingo dute 09:00etan, eta gero meza nagusia izango da; bertan, omenduekin batera, Emile Larre ere izango dute gogoan. Ondoren, Zubikoa eta Errezil bertsolariei buruz mahai-inguru bat egingo da. Bertso saioan, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi izango dira bertsotan.
Egitaraua
Hau izango da egitaraua:
Urriaren 10a, larunbata:
· 19:00: Kalakan taldearen kantaldia, Urepeleko elizan.
. 21:00: Afaria. Xendarineko ahizpen kantuekin.
Urriaren 11, igandea:
. 09:00: Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia, etxola eta Urepele ezagutzeko.
· 10:30: Meza nagusia, Xalbador eta Leoni, Zubikoa eta Errezil, Emile Larre eta beste hainbat lagun gogoratuz.
· 11:15: Zubikoa eta Errezil bertsolariei buruzko emanaldia eta mahai-ingurua.
. 11:30: Bizkaiko Salatzaile taldeko dantzariak, plazan.
. 13:00: Herri kirolak, Donazaharreko (Nafarroa Beherea) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) taldeekin. Sokatira, sega, orga altxatzea eta lasto altxatzea.
. 14:00: Bazkaria, Xiberuko kantariek alaiturik.
· 15:30: Haurren txokoa.
· 15:30: Bertsolariak: Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi. Gai-jartzailea: Joxe Mari Iriondo.
· 17:30: Erromeria, trikitilariekin.
Urepeleko Herriko Etxearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskadi Irratiaren laguntzarekin antolatu da egitaraua. Larunbateko afarirako, edota igandeko bazkarirako erreserbak egiteko, deitu 0033624332995 telefono zenbakira.