Plazaberri

Orotariko Euskal Hiztegiaren 5. argitaraldiak 1.169 sarrera gehiago ditu

  • Guztira, 145.318 sarrera ditu OEH-ren bertsio digitalak, eta nahitaezko erreferentzia da Hiztegigintzan ari direnentzat.
  • Bertsio berria lege eta administrazio testuez hornitu nahi izan du Euskaltzaindiak.

    image11
    (Andres Urrutia, Gabriel Fraile eta Andoni Sagarna, gaurko agerpenean)

    Orotariko Euskal Hiztegia erabiltzaile ororen esku dago, Interneten (www.euskaltzaindia.eus).
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Ondorengo urteetan ere, Akademiaren Zuzendaritzak eutsiko dio OEH elikatzen eta hobetzen jarraitzeko apustuari, eta, nola ez, erabiltzaileen esku jartzen ahaleginduko gara".
  • Andoni Sagarna (OEHren zuzendaria): "Antzinatik XX. mendera arteko euskal literaturaren erradiografia da Orotariko Euskal Hiztegia".
  • Gabriel Fraile (Euskaltzaindiko teknikaria): “Lanaren zati bat zuzenketak eta gehikuntzak egitea izan da, batez ere Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lantaldeak proposatutakoak. Bestea, lege eta administrazio arloko testuez hiztegiaren corpusa zabaltzea”.

    image1

 

Sestaori buruzko lehen euskarazko liburua

  • Jorge Luis Tejedor ikerlariak 'Sestaoko toponimia' liburua agertu du jendaurrean, bertan Sestao herri zahar berriaren bilakaera historikoaren ezagutzarako ekarpen preziatua egiten duela.
  • Sestaoko Udalaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin plazaratu da 'Izenak' bildumako liburu berria.
  • "Liburu honek urre gorria balio du, Sestaoren historia txiki baina inportante bat dagoelako hor, toponimiaren eskutik ezagutu daitekeena", esan du Adolfo Arejita euskaltzainak, gaur egin den prentsaurrekoan.
  • Hori bera azpimarratu nahi izan du egileak ere. "Bost-sei urteko lanaren emaitza da liburu hau, ia-ia sei mende hartzen ditu eta nabarmendu nahi dut toponimia eta historiaren artean dagoen erlazio estua; honela, liburuan herri arruntaren bizimodua islatzen da, inguru eta naturarekiko izenak agertzen baitira barra-barra", aitortu du Jorge Luis Tejedorrek.

    IMG 2043
    (Luis Alonso kazetaria, Josu Bergara herriko alkatea, Adolfo Arejita euskaltzaina eta Jorge Luis Tejedor ikertzailea, gaurko agerraldian)

 

Sestaoko toponimia, agerian

  • Jorge Luis Tejedor ikerlariak Sestao herri zahar berriaren bilakaera historikoaren ezagutzarako ekarpen preziatua egiten du lan zorrotz eta mamitsu honetan.
  • Bihar aurkeztuko da liburua, 11:00etatik aurrera, Sestaoko Udal Liburutegian.
  • Egileak udalerriko toponimoak (auzoak, ibaiak, lekuak, elizak, etxeak, baserriak, moilak eta abar) aurkezten dizkigu lan interesgarri honetan. Erregistro bakoitzaren azterketak testuinguru historikoa eta metalinguistikoa gorpuzten ditu eta, horrenbestez, ezagumen bide anitz libratzen ditu, nahi beste proiekzio ahalbidetuz.
  • Gainera, herriaren bilakaera historikoaren ezagutzarako oso ekarpen preziatua egiten du, etimologia zientziaren eremutik ikusita. Ezin ahaztu baita, onomastika lana den aldetik, herrialde honetako izen propioen katalogoa izatearen balioa bera, bai filologikoa, bai historikoa.

    Tejedor
     

 

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Agenda

Ez dago gertakaririk egun honetan

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

Argitalpen guztiak ikusi