Bihar, abenduaren 17an, "Euskarazko IKTak" Mintegia egingo da Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimenez. Euskaltzaindiak parte hartuko du; Iñaki Kareaga Akademiaren Informatika eta Telekomunikazio zerbitzuko arduraduna izango da Akademiaren ordezkaria eta Euskaltzaindiaren webguneko hizkuntza-baliabideak aurkeztuko ditu.
Mintegiaren xede nagusia hauxe da: profesionalei eta euskal ekonomiako sektoreei euskaraz eskuragarri dauden tresna eta baliabide teknologikoen berri ematea. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aburuz, "oso garrantzitsua da euskara Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan integratuta egotea, aurrerantzean hizkuntza bizia izango bada."
Hala, bada, mintegiaren helburu zehatzak ondoko hauek dira:
- Euskaraz dauden baliabide teknologikoak guztion begi bistan jartzea, eta euskal ekonomiaren sektore eta arlo profesionaletan horien erabilgarritasuna erakustea.
- Euskarazko IKTen garapenari nahiz tresnen erabilerari lotutako “eskaintza-eskaria” dela eta, espazio bat sortzea:
- Euskaraz dauden produktu teknologikoak elkarrekin partekatzeko eta kontrastatzeko
- Behar berriak identifikatzeko, gerora begira, lankidetza-proiektuak antzemate aldera.