Bi arautan argitaratu ditu Euskaltzaindiak Saharaz hegoaldeko Afrikako leku-izenak eta kolonien garaiko leku-izenak. Hauek dira: 167. araua (Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia) eta 168. araua (Afrika kolonialeko toponimia).
164. arauan Ipar Afrikako toponimia jaso zen, Ekialde Hurbileko toponimiarekin batera. Hala egin zen arabieraren eremu osoa arau bakar batean ematearren. Oraingoan, berriz, Afrikako gainerako lurraldeetako leku-izen nagusiak bildu dira: Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia (167. araua). Bi motatako leku-izenak dira:
- Garrantzitsua edo oso ezagunak (historiagatik, geopolitikagatik edo hedaduragatik), grafia-arazorik ez badute ere: Biafra, Drakensberg, Kalahari, Sahel...
- Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez berdin idazten ez direnez, zalantza eragin dezaketenak: Abisinia, Kabinda, Timbuktu...
Beste arau batean (168. araua) Afrika kolonialeko toponimia jaso da. XIX. eta XX. mendeetan Europako estatu boteretsuen mendeko lurraldeak izendatzeko erabili ziren leku-izenak bildu dira arauan. Leku-izen horiek guztiak egun zaharkiturik badaude ere, ez dira desagertu, eta noiznahi agertzen dira Afrikako estatuen historiaz aritzean. Eskoletan ere ohiko ikasgaiak dira kolonizazioa eta deskolonizazioa, eta literaturan, komunikabideetan, entziklopedietan ere agertzen dira. Leku-izen kolonial asko hizkuntzatik hizkuntzara aldatzen dira, hizkuntza bakoitzak bere moldea baitu horrelako izenak adierazteko, hala nola Hego-mendebaldeko Afrika Alemana, Piperbeltz Kosta, Volta Garaia… Era horretako izendapenak eratzeko erabilitako joskera-irizpideari buruzko argibideak ere ematen ditu arauak.
Jose Luis Lizundia eta Alfontso Mujika
Exonomastika batzordea
Comments
70. arauan, zuzenketa egin zen, baina hurrenkera aldatu gabe. Horregatik, gaztelaniazko eta frantsesezko zerrendetan "Tierra de los Estados" eta "Terre des Etats" zeuden tokian agertzen ziren "isla de los Estados" eta "ìle des États", hurrenez hurren.
70. araua duela 15 urtekoa da, eta ez dago modurik dokumentuaren formatuan ordenazio-aldak etarik egiteko. Orain, dokumentua berregin egin da, eta alfabetoaren hurrenkeran ezarri dira toponimo guztiak.
Alfontso Mujika,
Exonomastika batzordeko idazkaria
168. arauan: "Togo Britainiarra / Mendebaldeko Togo" euskarazkoaren gaztelaniazko ordaina "Togo Francés" ematen da, eta "Togo Británico" behar duela uste dut (bi bider zuzendu behar da).
Bestalde, 70. arauan egin diren zuzenketetan akats hauek ikusi ditut:
1) "Isla de los Estados" ez dago alfabetikoki dagokion lekuan.
2) Beste behin "isla de los Estados" > "Isla de los Estados"
3) "île des Etats" ez dago alfabetikoki dagokion lekuan, eta "Île des États" behar du, eta beste behin "île des États" > "Île des États".
Horixe xen guztia.