Euskaltzaindiak 2007an Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz hasitako proiektuaren 5. argitaraldia agertu du, egitasmoa urtean bi aldiz eguneratzen duenez.
Oraingoan, berrikuntzarik garrantzitsuenak instituzioei eta testuen kopuruari dagozkie. Alde batetik, nazioarteko instituzioen ikuspegitik, Lankidetza Islamikorako Erakundea sartu da, Kairon, 1995ean, onetsitako Islamgo Giza Eskubideen Adierazpena jasoz.
Beste alde batetik, eta edukiari dagokionez, berrikuntza nagusia hauxe da: bilduman dauden instituzioetako batzar legegileen erregelamenduak sartu dira, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorraren Erregelamendutik hasita. Alderdi horretatik, nabarmendu behar da Espainiako Kongresuaren eta Senatuaren erregelamenduak eta Frantziako Batzarraren eta Senatuaren erregelamenduak euskaratu direla, Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuko erregelamenduak sartu direla, eta Espainiako Erresumako gainerako autonomia-erkidegoetakoenak ere euskaratu direla.
“Oin-oharrei dagokienez, 4. argitaraldian esan genuen legez, ohartu gara paperezko argitaraldietan erabiltzen diren erreferentzia batzuk ezin daitezkeela argitaraldi elektroniko batean eman, berbarako, id. eta horrelakoak. Arrazoia begi-bistan da: testuok kontsultatu nahi dituenak id. erreferentzia bat ikusten badu argitalpen elektroniko batean testuinguru barik jasotzen du. Arazo hori saihesteko, oin-oharren testuak errepikatu egin ditugu, irakurleak testu batera jotzen duenean informazio osoa jaso dezan tekla-joaldi batez”, adierazi du Gotzon Lobera legegile eta egitasmoaren koordinatzaileak.
50 testu gehiago
Testuen kopuruaz denaz bezainbatean, 4. argitaralditik hona 50 testu berri sartu dira. Laburbilduz, 2019ko argitaraldian 94 testu jaso ziren; hirugarren argitaraldi elektronikoan, 786 testu; laugarren argitaraldian 1.051 testu bildu ziren, eta 2024ko urtarrileko honetan 1.101 testu jaso dira. Hau da, 50 testu gehitu dira aurreko argitaraldiarekin erkatuz gero, eta 1.007 testu berri 2. argitaraldiarekin alderatzen badugu.
Argitaraldi honek hiru formatu ditu: argitalpen digitala, ePub formatua eta PDF formatua (azken formatu biotan argitalpen osoa eskura daiteke).
2019ko, 2021eko eta 2023ko edizioetan egin zen bezala, bilaketa zabalak egin daitezke 5. argitaraldi digital honetan, bai eta bilaketa murriztuak ere, eta, gainera, bilaketen emaitzak batera agerrarazi. Eginkizun hori erraztu eta zehatzago egin ahal izateko, 39.609 bilatzaile gordin landu dira.