Euskaltzaindiaren Jagon sailaren berariazko zereginetako bat da euskara zaintzea eta euskararen erabilera eta erabileraren eremuak zertan diren ikustea. Hori dela eta, Akademiak, erakunde aholku emaile ofiziala den aldetik, bere iritzia ematen du erakunde publikoek eskatzen diotenean, eta bere kezkak eta eskaerak ere aurkezten ditu, adierazpen modura, botere publikoen aurrean nahiz jendaurrean, euskararen garapenerako bermeak kolokan jarri, kaltetu edo ukatzen direla ikustean.
Urteetan zehar egindako adierazpenen bilduma paperean kaleratu zen lehenbizi, 2006. urtean; adierazpenak 32 izan ziren. Bigarren argitalpena digitala izan zen eta Euskaltzaindiaren mendeurrenarekin batera, 2018an, ikusi zuen argia; adierazpenak 56 izan ziren. Mendeurrenaren harira, Sustapen batzordeak erabaki zuen, adierazpen berriak izan ahala, bilduma eguneratua ematea Akademiaren webgunean urte bakoitzaren amaieran. Hala egin izan da orduz geroztik, eta orain dator 6. argitaraldia, 69 adierazpen biltzen dituena, 2023an emandako azkeneko 6ak gehitu ondoren.
Azken horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, 64. adierazpena, hots, 2023ko Frantziako Tourraren hiru lehenbiziko etapak Euskal Herriko lurralde batzuk zeharkatzen zituela eta, bai Tourreko zuzendariari, bai lurralde horietako arduradun politikoei egindako eskaera, euskarak leku osoa izan zezan; 65.a, hau da, mediku egoiliarrek azterketak euskaraz egin ahal izateko eskaera, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, bai eta Eusko Legebiltzarreko lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza, Hezkuntza eta Osasun sailburuei ere; 66.a, alegia, Kontsumitzaile eta erabiltzaileen estatutuaren lege-proiektuaren eztabaidarako Euskaltzaindiaren ekarpena EAEko Gobernuko eta Legebiltzarreko lehendakariei aurkeztutakoa.
Hurrenkera kronologikoan zenbaturik aurkeztu dira. Denak izaera berekoak ez direnez gero, testu bakoitzaren hasieran txertatu den fitxan zehazten dira bakoitzaren ezaugarriak, hala nola arloa, gaia, testu-mota, testuaren emailea eta hartzailea, data eta hizkuntza.
Argitaraldi hau hiru formatutan prestatu da: argitalpen digitala, ePub formatua eta PDF formatua (bi azkenekoetan, argitalpen osoa eskura daiteke).