Batzuetan, honelako esaldiak irakurtzen dira, adibidez, komunikabideetan eta sare sozialetan: «Liburu- eta diska-azoka antolatu dute Urruñan», «Euskal argitaletxeek, disko etxeek, ekoizpen-etxeek eta banatzaileek parte hartzen dute azokan», «35 disko baino gehiago eramango ditugu azokara, denak ere aurten auto-ekoizpen gisa kaleratuak», «Sarako Idazleen Biltzarra literaturzaleen urteroko hitzordu baitezpadakoa da».
Euskaltzaindiaren Hiztegian zehazten denez, *diska forma ez erabiltzea gomendatzen du Akademiak, forma arautua disko baita.
‘Musika-diskoak edo bestelako musika-grabazioak ekoizten dituen enpresa’ adiera duen diskoetxe izena lotuta idazten da (ez *disko etxe, ez *disko-etxe). Bide batez, *disketxe forma ere berariaz baztertu du Euskaltzaindiak batasunerako.
Ohiko diskoetxe handietatik kanpo grabatzen eta argitaratzen diren lanei buruz hitz egitean erabiltzen den autoekoizpen izena ere lotuta idazten da (ez *auto ekoizpen, ez auto-ekoizpen). Esan beharrik ez dago automobilen ekoizpena izendatzeko forma egokia dela auto-ekoizpen.
Literaturaren zaleak izendatzeko, literaturazale da forma arautua (ez *literaturzale).
Beraz, horrela idatziko genituzke goian aipatutako esaldiak: «Liburu- eta disko-azoka antolatu dute Urruñan», «Euskal argitaletxeek, diskoetxeek, ekoizpen-etxeek eta banatzaileek parte hartzen dute azokan», «35 disko baino gehiago eramango ditugu azokara, denak ere aurten autoekoizpen gisa kaleratuak», «Sarako Idazleen Biltzarra literaturazaleen urteroko hitzordu baitezpadakoa da».