Eguerdiko 12:00etan, Zildozko elizan elkartu ziren atzo euskaltzain, herritar eta herri erakundeetako ordezkariak, Ezkabarteko herri honetan sortutako Jose Manuel eta Juan Manuel Urtasun-Lakidain idazleak omentzeko. Ezkabarteko abesbatzaren laguntzaz, zildoztarren eta Ezkabarteko alkatearen ongietorria iritsi zen eta, ondotik, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu zuen hitza. Ekitaldiaren izaera herrikoia eta, aldi berean, Akademiaren lanarekin eta helburuekin zintzoa zela adierazi zuen Urrutiak jendaurrean.
Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari-kudeatzaile eta ekitaldi hau finantzatu duen erakundearen ordezkariak hauxe nabarmendu zuen ekitaldi berean: “Honelako errekonozimendu-ekitaldiek ere ematen diote bultzada euskarari. Izan ere, izan zirelako garela erakusten digute. Izan zirelako… ez hain aspaldi gainera, eta Iruñerrian bertan, Ezkaba mendiaren iparraldean.”
Ekaitz Santazilia ikerlariak, Ezkabarteko ibarrean euskarak izan duen presentzia ikertu ondoren, Perutxeneko Urtasun-Lakidain anaien bizitza eta obra hitzaldia eman zuen: “Kristau dotrina zabaltzeko behar horrek euskara etxetik eta ahozkotik harago eraman zuen: idatzirako ortografia bat garatu zen, itzulpen teknikak finkatu, bestelako euskal autoreen lanak ezagutzeko eta moldatzeko beharra sortu... Hein batean, erregistro zertxobait kultuagoa eta estandarragoa garatu zen, eta hori zen jendeak Elizaren esparruan entzuten zuena.
Euskara Ezkabarten gaur egun hitzaldiarekin Karmiñe Gil Sesmak itxi zuen elizako ekitaldia. Halaxe adierazi zuen: “Berriki arte Ezkabarten bizirik egon den euskara berreskuratzeko nahia eta gogoa bizia da gure haranean, baita ahaleginetan ari den jendea ere. D ereduko ikastetxeetara joaten dira haurrak, inguruko euskaltegietan euskara ikasten dute helduek, beste herrietatik etorritako euskaldunek eta bertako euskaltzaleek osatzen dugu komunitatea. Hala, euskara gero eta gehiago mintzatzeko eta entzuteko aukera dago gure karriketan.”
Azkenik, Perutxenera hurbildu zen jendea, bi anaien oinordekoen eta Felix Lecumberri Zildozko kontzejuburuaren laguntzaz jaiotetxean paratutako oroigarriari estalkia kentzera. Musika eta dantzariez lagunduta, Euskara Ezkabarten: paperetik ahora erakusketaraino iritsi ziren bertaratutakoak, Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaile eta Perutxeneko oinordekoaren eskutik, bisita gidatua egitera: “Batzuek beti jakin dugu Iruñerria Euskara Herria izan dela, eta Iruñerriko jendea euskara jendea izan dela, eta hala garela oraindik, batzuk bederen; eta izan dela euskara jendearen genealogia bat, sinbolikoa eta hezur-haragizkoa, gaur egunera arte iritsi dena. Gure aita zenak, gainera, bazeuzkan etxean ongi gordeak egia horren froga idatzi batzuk, altxor baliotsu bat bailiran erakutsi zizkidanak ni artean umea nintzela: euskaraz idatzitako prediku batzuk, haren aitatxiren sortetxean agerturikoak, Zildozko Perutxenean. Erakusketa hau froga horien eta hizkuntzaren beste lekuko hagitz interesgarri batzuen inguruan ehundu da.”
Musikaz eta dantzaz lagundutako otamena izan zen jardunaldi honetako azkenburukoa.