Liburu honek 2019ko maiatzean Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura-artxiboak nazioarteko mahai-inguruan aurkeztutako lanak bildu ditu. Eta azken urteotan idazle eta itzultzaile eleaniztunen sormen-prozesuaren inguruan egindako ikerketa berritzaileak gaztelaniadun publiko akademikoaren artean zabaltzea du helburu. Horregatik, hain zuzen, gaztelaniaz idatzita dago.
Argitaratutako liburuek prozesu konplexu horren aztarnarik utzi ohi ez badute ere, idazle eta itzultzaileen lan-dokumentuen azterketak (zirriborroak, koadernoak, korrespondentzia, etab.) hizkuntzen artean idatzitako lan baten sorreraren ikuspuntu aparta eta berezia eskain dezakete (Arcocha-Scarcia, Lluch-Prats & Olaziregi).
Corpus eleaniztunei kritika genetikoa aplikatzea oinarri duen ikusmolde hau, L’ITEM-Institut des Textes et Manuscrits Modernes (CNRS/ENS) institutuaren Multilinguisme, Traduction, Création taldeak aurkeztu zuen 2012an eta, harrezkero, hizkuntzaren arlo desberdinak aztertzen jarduten diren mundu osoko gero eta ikertzaile gehiagok erabili dute. Pentsatzekoa da, Espainian metodo horretaz jabetu eta nazio-idazkietan aplikatzeko interes berezia izango dela, Espainiako autonomia ezberdinetako bi hizkuntza ofizialetan idazten duten idazleak ugariak direla ezaguna baita, aldian-aldian, gaztelaniatik edo gaztelaniara auto-itzultzen dutenak. Horixe izan da, dudarik gabe, Euskaltzaindiak mahai-inguru eta argitalpen hau sustatzeko arrazoi nagusia.
Autoitzulpen jarduerez gain, idazle eleaniztun batzuek lankidetza estua dute beren itzultzaileekin. Horrelakoetan haien korrespondentziak eta idazleek zuzendutako itzulpen alografikoek, elkarlanaren dinamika eta sormen prozesuan bakoitzak hartzen duen zeregina ulertzeko aukera ematen digu. Idazle eleaniztunen lankidetzako itzulpenari buruzko ikerketek garapen garrantzitsuak izan ditzakete Espainian, non gaztelaniaren eta autonomia ezberdinetako hizkuntza ofizialen arteko itzulpenak gero eta sarriagoak diren.
Liburu honen argitaratzaileak Olga Anokhina (ikerlaria eta -ITEM, CNRS-ko kidea) eta Aurelia Arkotxa (euskaltzain osoa eta Bordeaux-Montaigne Unibertsitateko euskal ikasketetako katedradun emeritua) dira. Argitaratzaileez gain, honako idazle eta ikerlari hauek egin dituzte ekarpenak: Bernardo Atxaga, Delfina Cabrera, Jon Casenave, Eva Gentes, Rainer Grutman, Patrick Hersant, Max Hidalgo, Christian Lagarde, Elizabete Manterola eta Mari Jose Olaziregi.