Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Itxaro Borda idazle baxenabartarra. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, Sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Urriaren 28an izanen da ekitaldia, Baionako Herriko Etxean. Musikaz giroturiko atariko saio baten ondotik (Maddi Oihenart abeslaria eta Juantxo Zeberio musikaria arituko dira), ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak ongietorria eginen diete bertaratutakoei eta, jarraian, Itxaro Bordak Sarrera-hitzaldia irakurriko du. Mugaren konzeptuaz, euskararekin duen harremanaz edota euskal idazle gisa izan dituen zenbait bizipenez arituko zaie bertaratutakoei. Sagrario Aleman euskaltzain osoak erantzungo dio, eta Bordaren bizipenak, idatziak eta kezkak zeintzuk diren azaltzean gain, euskararen muga administratiboak izango ditu hizpide Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak.
Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina eginen du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.
Itxaro Bordaren profil laburra
Itxaro Borda, (Baiona, Lapurdi, 1959). Historian lizentziaduna da (Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea) eta ogibidez postaria izan da Parisen lehenik eta Zuberoan eta Lapurdin azkenik, erretreta hartu arte. Literatura ibilbidea behatuz geroz, 1981ean Maiatz aldizkariaren sorreran parte hartu zuen Lucien Etxezaharreta lagunarekin batera, eta bertan argitaratu zuen idazlan sorta ederra, bereziki, euskaraz idatzitako olerkiek osatua. 2002an, Euskadi Saria irabazi zuen 100 % basque lanari esker. Eleberri andana ere argitaratu du azken hamarkadetan, hala nola Udaran betaurreko beltzekin (1987, Txertoa), Bakean ützi arte (1994, Susa), Amorezko pena baño (1996, Susa), Bizi nizano munduan (1996, Susa), % 100 basque (2001, Susa - Euskadi Saria), Zeruetako erresuma (2005, Susa), Jalgi hadi plazara (2006, Susa), Ezer gabe hobe (2010, Susa). Prentsako artikuluak idatzi ditu ondoko egunkari edo aldizkarietan: Herria, Herriz Herri, Gernika, Zeruko Argia (1977) eta Argia (1980), Euskaldunon Egunkaria, Berria eta abar. Hainbat sari eskuratu ditu bere idazle-ibilbidean, besteak beste, Euskadi Saria (2002), Galiziako PEN erakundearen Rosalia de Castro saria (2010), Sarako Liburu Azokako saria (2016), Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria saria (2019) eta Gehitu saria (2021). Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2021eko azaroaren 26an eta euskaltzain oso 2022ko azaroaren 26an.