Mintegiaren helburua hasieratik azpimarratu nahi izan dute Jon Sarasuak eta Eñaut Agirrek, Mintzolako zuzendariek: “ahozko jardunaren eta, bereziki, eguneroko ahozko hizkeraren inguruko ikerketa hauen ondorioak aurkeztea”.
Hona hemen goizez aurkeztu diren ikerlanen zerrenda: Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana (Odei Guirado); Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio jolasak (Iñigo Otaegi); Kode-alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan (Mikel Pérez); Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz (Ainhoa Leyaristi); Iruñerriko gazteen hizkera (Audrey Serrano); Beasaingo gazte-hizkera aztergai: testuinguruaren eragina kode-alternantzian (Maddi Aiestaran); Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian (Endika Uriarte); Aldude-Urepeleko mintzoa (Oier Urreizti); Adinaren araberako bariazio lexikoa Imozko hizkeran (Alazne Fernandez de Muniain).
Arratsaldean, ostera, beste erakunde batzuekin elkarlanean bideratutako ikerlanak aurkeztu dira: batetik, ARIKALA lagunarteko euskara sustatzeko eta esku-hartzeen eragina neurtzeko ekintza-ikerketaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte Idurre Alonsok, Odei Guiradok eta Aritz Bereziartuak. Ondoren, hitanoaren diagnostikoa, eta beronen erabilera sustatzeko bide eta formulak aztertu dituzte Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak. Azkenik, gaztelania eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerako adierazkortasunean ikertu dute Miren Artetxek eta Garbiñe Bereziartuak, eta ikerketa horren emaitza erakutsi dute.
Gogoratu behar da Mintzolaren lan-eremua euskarazko ahozko jarduna da, bereziki euskarazko eguneroko hizkera, eta eremu horretan, ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean dihardu. Mintzola egitasmoari buruzko informazioa, hemen: https://www.euskaltzaindia.eus/mintzola/