Gaur goizean, Mintzolak udazkenerako antolatutako programazioaren berri emateko elkartu dira Euskaltzaindiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. Mintzolaren lan-eremua euskarazko ahozko jarduna da, bereziki euskarazko eguneroko hizkera, eta eremu horretan, ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean dihardu.
Ikerketaren arloan, ikerketa deialdien bidez saritutako gradu- eta master-amaierako lanen, ikerketa monografikoen eta beste erakunde batzuekin elkarlanean abiatutako ikerketen emaitzak izanen dira hizpide heldu den urriaren 18an, Donostian, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan (Luis Villasante ikerketa zentroa) antolatutako Mintzola mintegian (programa atxikita). Goizeko 9:00etan emango zaio hasiera egitarauari, ahozko jardunari buruzko gradu- eta master-amaierako lanen, eta ikerketa lan monografikoaren aurkezpenekin. Arratsaldean, ikastetxeetan lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintzaren (ARIKALA) lantaldeak eta EHUko irakasle-ikertzaileek hartuko dute hitza. Azken hauek hitanoaren inguruko azterketaren nondik-norakoak eta Gaztelania eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean ikerketaren ondorioak azalduko dituzte. Mintegia irekia eta doakoa izango da baina bertaratu nahi duenak izena eman beharko du donostiaordez@euskaltzaindia.eus helbidera idatzita edo 943428050 telefono zenbakira deituta.
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak gogoratu du hiru zutabetan oinarritzen dela Mintzola, hain zuzen, "ikerketan, ezagutza transferitzeko bokazioan eta sustapenean". Bere aldetik, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak azpimarratu du ahozkotasuna “funtsezko faktorea” dela euskararen erabileraz ari garenean, “gizarte hartu-emanetan hizkuntza sano eta bizia erabiltzeko garaian ezinbestekoa” delako ahozkotasun “aberats eta jori” bat. “Mintzola egitasmoaren helburu nagusia da horretan sakondu, ikertu eta erabilera areagotzeko tresnak eskuratzeko lan egitea, herritarren eguneroko hizkeran inpaktu positiboa lortzeko”, aipatu du. Horrela, Mintzola bere sorreratik gaurdaino ekarri duten eragile eta erakundeen lana goraipatu du Mendizabalek eta, aurrera begira, zorterik onena opa dio Euskaltzaindiari, fase berri honetako arduradun gisa.
Ahostegunak eta Ahots Baten
Sustapenaren alorrean, gazteak izango dira protagonista Mintzolaren udazkeneko bi ekimenetan: Ahostegunak eta Ahots Baten. Ahostegunak ekimenaren bidez, 18 eta 22 urte bitarteko gazteek bertsoaz, literaturaz, kantuaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute. Amaia Elizagoienek, Aner Peritzek, Itziar Telletxeak eta Oihana Aranak osatzen dute antolaketa taldea eta aurtengo artista gonbidatuak Ainhoa Larretxea, Sustrai Colina, Garazi Arrula eta Goxua’n salsa taldea izango dira. Doako saio hauek azaroaren 9an, 16an eta 23an izango dira, arratsaldez, Iruñean, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan.
Izen-ematea Akademiaren webgunetik egingo da: https://labur.eus/hIAKT
Ahostegunak ekimenaren ildo eta lantalde berarekin dator Ahots Baten sormen egonaldia ere. Gabonetako oporraldian, abenduaren 26tik 30era, euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartu, beraien arteko harreman-sareak ehundu eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko bilgune izango da Beizamako aterpetxea. Artista gonbidatuak ez dira nola-nahikoak: Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Oier Zuñiga, Bea Egizabal, Gaizka Sarasola eta Martxel Rodriguez. Izena emateko epea azaroaren 20tik abenduaren 10era mantenduko da zabalik Mintzolaren webgunean.
Euskaltzaindiak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen laguntza izan du bi ekimen hauen antolaketan.
Zer da Mintzola?
Mintzola Fundazioa azkendu ondoren, Euskaltzaindiaren baitan garatzen den Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegia da, gaur egun. Bere lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna da eta, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera. “Eguneroko hizkera” dei dezakegun jario, elkarrizketa-multzo eta jardunak, antolaketa formalaren maila txikienekoak, gure ahozko jardunaren zatirik handiera osatzen du, eta euskararen komunitateak ataka bereziak ditu arlo honetan. Horri erantzutetik zehaztu ditu Euskaltzaindiak Mintzolaren lehentasunezko lan ildoak eta ikerketaren jarduna.
Mintzola egitasmoari buruzko informazioa, hemen: https://www.euskaltzaindia.eus/mintzola/