Irailaren 30ean eta urriaren 1ean Lekeitioko herria poesiaz blaituko du IRAILEKOAK egitasmoak. Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako asteburu bat antolatuko du estreinakoz Bizkaiko kostaldeko herri eder horretan. Lekeitioko Udalaren babesarekin egingo du, eta herriko eragile batzuekin elkarlanean; tartean, Kitto merkatarien elkarte, Sociedad Recreativa eta Lekitto Musika Bandarekin. Jaialdia irailaren 30ean –egun osoz– eta urriaren 1ean –goizez– izango da, eta olerkari, musikari, kazetari eta ikertzaile ugarik parte hartuko du bertan.
Egitasmoaren nolakotasunak Miren Agur Meabe euskaltzain osoak azaldu ditu gaur, Euskaltzaindiaren egoitzan egin den agerraldian: Euskal Herri osoarentzat antolatuko da, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean, eta, era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdi berriak. “Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira IRAILEKOAK jaialdian”, esan du idazle lekeitiarrak. “Azken urteotan euskal poesiak hartu dituen bideei buruz ere hausnartu nahi dugu, eta horretara dator Iratxe Retolazaren hitzaldi mamitsua; horrez gain, han-hemengo poeten lana zehatzago ezagutzen ere lagundu nahi dugu, eta belaunaldi zahar eta gazteagoetako ahotsak eta adierazkerak erkatu”, gaineratu du euskaltzain osoak.
Prentsaurrekoan, Miren Agur Meaberekin batera izan dira Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea, Antton de la Lama Kultura zinegotzia eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Katalanez idatzitako poesia
Miren Agur Meabek esan duen moduan, IRAILEKOAKen euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, bai irakurraldien eta errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute. Hasteko, katalanez idatzitako poesia garaikideko bi ahots esanguratsu izango dira Lekeition: Antònia Vicens eta Mireia Calafell.
Antònia Vicens (Santanyí, Mallorca, 1941) poeta eta idazleak katalanez idazten du. Hainbat sari ditu, tartean Kataluniako Kultura Sari Nazionala (2016) eta Espainiako Poesia Sari Nazionala (2018). Mallorcako alaba kuttun ere bada. Eleberri ugari idatzi du Vicensek, eta sei poemario; azken biak 2020an argitaratu ziren: Si no dius fort el meu nom em condemnes per sempre (antologia) eta Pare què fem amb la mare morta.
Mireia Calafellek (Bartzelona, 1980) ere katalanez idazten du. Poeta gisa da ezaguna, baina kultur ekintzetan eta aholkularitzan ari da lanean eta Maria Mercé Marçal fundazioaren kolaboratzaileen taldean dago. 2018az geroztik, Barcelona Poesia festibalaren kudeaketan ere badabil. Hainbat sari baditu eskuratuak, horietan 2015ean Lletra d’Or izenekoa. 2006an plazaratu zuen bere lehen poema bilduma Poétiques del cos (Gorputzaren poetika) tituluarekin eta hiru urte geroago Costures (Josturak).
IRAILEKOAK - egitaraua
(Sarrera libre eta doakoa ekitaldi guztietara)
Irailak 30, larunbata
- 11:00etan (hitzaldia): Iratxe Retolaza: Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak (Lekua: Sociedad Recreativa).
- 13:00etan (errezitaldia): Aritz Gorrotxategi; Nerea Arrien; Eric Dicharry + Inun musikaria (Lekua: San Juan Talako).
- 18:00etan (errezitaldia herriko bost leku esanguratsuetan). Poeta gazte horiek: Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaur (Lekuak, hurrenkera honetan: Andre Mariaren Jasokundearen elizaren aurrean; Dominiken konbentuaren aurrean; Herritarren ortuan; Abaroa lorategian eta Arranegi plazan).
- 22:00etan (kontzertua). Maite Larburu (Lekua: Konpainiako eliza -San José eliza-).
Urriak 1, igandea
- 11:00etan: Antònia Vicens poetaren eta Iñigo Astiz kazetariaren arteko solasaldia.
Atsedena (15’).
- Mireia Calafell poetaren eta Itxaro Borda euskaltzain osoaren arteko solasaldia.
(Lekua: Sociedad Recreativa)
Jarduera osagarriak
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira.
Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, “oroigarri intelektual-poetiko gisa”. Aldizkaria jaialdian parte-hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatuko da.
IRAILEKOAK egitasmoaren irudia Marina Suárez Ortiz de Zarate artista eta antzerkigile arabarrak diseinatu du.