Linguae Vasconum Primitiae (Bordele, 1545) euskaraz argitaratutako lehen liburua da. Lanaren egilea Bernat Etxepare (edo Bernard Dechepare, Bernat D'Etchepare, Beñat Etxepare) 1480 inguruan, Nafarroa Behereko Sarasketa udalerriko Etxeparen sortutako apaiz eta idazlea dugu. Erran daiteke Bernat Etxepareren obra arrunt originala dela, jakinik hurrengo mendeko argitalpen denak erlisione edo liturgiazko gaien ingurukoak direla, eta gehienbat, itzulpenak. Gure idazlearena, aldiz, 15 poema osaturiko bilduma da, berak idatzitakoak, eta horietarik hamarren bat maitasun-harremanei buruzkoak dira (nahikoa harrigarria elizgizon batentzat).
Linguae Vasconum Primitiae behin baino gehiagotan argitaratu da. Poema-bilduma horren azken bi atalak, Kontrapas eta Sautrela, euskarari eskainitako bi oda, ohiko bilakatu zaizkigu euskal literaturan eta kantutegian. Kontrapas 1960ko hamarkadan musikatu zuen Xabier Letek, eta Sautrela, berriz, Oskorri taldeak 1970eko hamarkadaren bukaeran.
Ostiraleko hizlarien profilak
Aurelia Arkotxa Euskal ikasketetan doktorea da, (Literatura) 1990, Bordeaux III Unibertsitatean. Montaigne Unibertsitateko irakasle katedradun emeritua euskal ikasketetan, eta IKER-UMR 5478 laborategiko partaide. Euskal liburu inprimatuaren historiaz, euskal idazleen (XIX-XXI. mendeak) itzulpengintzaz, auto-itzulpengintzaz eta literatura sorkuntzaz ere hainbat liburu argitaratu ditu. Euskaltzain osoa da.
Duzunaritzen, ostiralean, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaz, ikusmolde peritestuala eta materiala eskainiko ditu Aurelia Arkotxak, obraren eraikuntza, izenburua, inprimatzeko testuingurua Bordeleko giro humanistan kokaturik.
Bestetik, Philippe Chareyre Letren eta Humanitateen Estatuko doktorea da, Historiako espezialitatean, Paul Valéry Montpellier III Unibertsitatean. Unibertsitateetako irakasle katedradun emeritua da Historia Modernoan (UPPA/ITEM). Euskara aldizkariko batzorde zientifikoko kidea, eta, era berean, ANR ACRONAVARRE «NAFARROAKO Errege Aktak XV eta XVI. mendeetan» programaren kudeatzailea da.
Ostiralean, hauxe izango du hizpide: Nafarroako Gortea. Errenazimentuko abiagune bat. Garaiko testuinguru historikoa. Nafarroako subiranoek administrazio eraginkorra garatu zuten XVI. mendean, bi auzokide handien artean beren lekua berretsi ahal izateko. Nafarroako Gortea, heziketa bikaina jaso zuten erregina eta printzesez adoretua, garaiko ideia berriei irekitako gunea bilakatu zen, eta batzuetan askatasun-esparrua ere eskaini zien.