Azken sei hilabeteotan, Euskararen Akademiak 646 forma berri jaso ditu bere hiztegian. Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta, jakina denez, urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2023ko lehen urte-erdian eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu gaur sareratu den eguneratzeak.
Gogoratu behar da, gainera, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilera hobetu egin zela otsailean: batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa-aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askozaz zehatzagoa da.
Hartara, azken sei hilabeteotan 646 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 295 sarrera eta 351 azpisarrera. Era berean, 1.130 forma moldatu edo findu ditu: 938 sarrera eta 192 azpisarrera.
Betiko legez, forma berriak landu dira, baina Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak bestelako kontu batzuk azpimarratu ditu, sarritan oharkabean pasatzen direnak: “Forma berriak landu dira, bai, baina lehendik barruan zegoen informazioari ikusgarritasuna eman zaio eguneratze honetan: sarrerak berrantolatu ditugu, ezkutuan gera zitekeen informazioa bistaratu dugu... Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasuni dagozkionak: emakumeen tratamendua, egungo errealitatea... Eta esaera zaharrak adibidetegitik atera ditugu eta aparteko atal batean jaso. Barruko garbiketa handia egin dugu”.
Adibidez:
Lehen:
amatiar adj. Amari dagokiona. Emaztea emakume zintzoa zen, gizonek gogoko dituzten dohainez betea: emetasun handikoa, amatiarra, fidela, etxeko andere bikaina.
Orain:
amatiar adj. Amari dagokiona. Kontuz ibiltzeko aholku amatiarrei entzungor, eskailera-mailak launaka jaitsi genituen.
Miriam Urkiaren esanetan, forma berriak sartzea bezain garrantzitsua (“edo garrantzitsuagoa”) da lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea, esapideak eta hitz elkartuak adibidetegitik atera eta azpisarrera egitea, esaera zaharrei atal berezia eskaintzea, eta abar. “Kopuruetan beharbada ez, baina hiztegia argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko lan handia egin da. Eta horretan jarraituko dugu”, gaineratu du euskaltzain osoak.
Adibidez:
Lehen:
bota1 2 (Esapideetan). Norbaiti zerbaiten errua bota. Erronka bota. Umea bota (haurdunak). Landare batek kimu berriak bota. Erro zabalak botako ditu bazter guztietara. Norbaiti zerbait aurpegira bota.
Orain:
bota1, bota, botatzen
1 du ad. Jaurti. Zuen artean bekaturik ez duenak bota diezaiola lehenengo harria. Ateratzen dute sutegitik agoa, ez izerdi tanta eta bero asko bota gabe. Malkoak bota. Ke asko boteaz. Ostikada bota zion astoak. Bere burua leihotik bota eta hil zen. Uretara, surtara, errekara bota. Leihotik behera bota. Betiko su eta garren artera bota zituen Luzifer eta haren jarraitzaileak.
2 du ad. Landareez mintzatuz, (lore, sustrai, kimu...) berriak sortu. Ik. loratu; sustraitu; kimatu 2. Orain belar berria hasi da jaiotzen, orain daude arbolak lorea botatzen. Zenbait kulturatan zuhaitzak lurraren eta zeruaren lotura adierazten du; lurrean botatzen ditu sustraiak eta gorantz edo zerurantz altxatzen da. Hurrengo udaberrian ernamuin berriak botako dituzte. Adar beretik ondu diren fruituak dira, enbor batek bota dituen adar bi. Kimuak eta loreak bota zituen.
3 du ad. (euria, elurra eta kidekoez mintzatuz). Ik. egin1 8. Pare bat hilabetean egin ohi duen euria bota zuen bi egun eskasean. Gasteizen eta Iruñean elurra bota lezake. Lehengo batean bota omen du harria Irun aldean.
4 du ad. Bidali, nonbaitetik alde eragin, kaleratu. Etxetik bota zuen. Paradisu eder hartatik kanpora bota zituen. Lan egiten zuen tokitik bota dute. Jesuitak Espainiatik bota baino urte pare bat lehenago.
5 du ad. Ahoz esan edo kantatu. Ik. jaulki 2. Bilintxek Domingo Kanpañari bota zion bertsoa. Gezur biribilik bota gabe. Hauen enbido eta are hordago-ari eduki ozena botea zion Larramendik.
aurpegira bota Erantzuki egin. Ik. aurpegiratu. Askotan botatzen baitigute aurpegira esker txarrekoak garela. Inori gisa horretako purrustadak aurpegira botatzea, nolanahi ere, erraza da.
erroak bota Erroak egin. Dudak, ordea, barrenago bota ditu erroak.
erronka bota Erronka jo. Borrokarako erronka bota nion.
errua bota dio ad. Norbait edo zerbait zerbaiten errudun egin. Ik. errua egotzi. Denok elkarri errua botatzen. Gure zoritxarrari botatzen diogu errua.
umea bota Batez ere animaliez mintzatuz, umea galdu. Ik. hilaurtu. Ardiak, orain, umatzeko daude, eta, dituzten kolpeak ikusita, litekeena da askok umea botatzea.