Mintzola egitasmoaren eskutik, Ahots Baten eta Ahostegunak sormen-egonaldiak antolatu ditu Euskaltzaindiak aurten. Ahots Baten egonaldia Amaiurren (Nafarroa) izan zen, urriaren 29tik azaroaren 1era, eta Ahostegunak, berriz, Akademiaren Arabako ordezkaritzan antolatu da, azaroan eta abenduan, hiru ostegunez jarraian. Ahots baten egitasmoarekin gertatzen den moduan, proiektu honekin gazteek euskaraz egiten diren hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera izan dute, ahozko kultura-sorkuntzaz gozatzeko aukera emanda.
Hiru ostegunetan bildu dira 17 gazte Gasteizko Etxezarra eraikinean, eta sormenaren askotariko ertza lantzeko aukera izan dute, ahozkotasuna ardatz hartuta. Zeregin horretan, bidelagun izan dituzte begiraleak eta sortzaileak, hain zuzen, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariak, Merina Gris taldeko kideak eta Marina Suarez antzerkilaria. “Praktika eta teoria maila berdinetan uztartu ditugu. Tematikarik gabe egin dugu egitasmoa eta ongi joan da, egitasmoa biltzen duten beste dinamika batzuek lortzen baitute tematikaren efektua, hala nola erritualak, objektuak ekartzearen dinamikak eta gonbidatuen arteko galdera”, aitortu du Eider Perez Ahostegunak proiektuko begiraleetako batek. Honela, bertsoa eta literatura landu ziren lehen ekitaldian, eta musika eta antzerkia ondoko bietan.
Tailerren emaitza oso onuragarria izan dela esan du Eider Perezek: “Gazte talde anitza osatu dugu, bai lurraldetasunari zein ikasketei dagokienez. Gehienak emakumezkoak izan dira, eta konplizitate handia sortu da taldean, eztabaidatzeko eta sorkuntza-gaietan eta ariketetan sakontzeko prest agertu baitira beti”. Sortzaileak aurrez aurre izatea estimatu dute gazteek, baita beraien sormena xaxatzeko saioetan eskaintzen zaizkien baliabideak ere. “Proiektu lasaigarria eta dibertigarria dela esan digute gazteek, eta asko ikasi dutela azpimarratu dute gehienek”, gaineratu du begiraleak.
Zer da Mintzola?
Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko jakintza-arloen arteko elkarreragina bultzatzea izan du helburu azken urte hauetan. Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu bat-batekoetarako zubiak eraikitzen saiatu da azken hamarkada honetan.
2021eko uztailean, Mintzola Fundazioaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki zuten, aho batez, patronatuko kideek. Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta hartu zuten erabakia. Orduan, Euskaltzaindiari eskaini zioten Mintzolaren jardunarekin jarraitzea. Euskararen Akademiak baiezkoa eman zion proposamenari eta inplikatutako eragileek ibilbide berria bultzatu dute ordutik, euskarazko ahozko jardunaren ikerketari eta dibulgazioari jarraipena emateko helburuari eutsiz.