Hitzak Lege erakusketa ibiltaria aurkeztu du gaur Euskaltzaindiak Bilboko bere egoitzan. Beste behin, agerikoa da elkarlanaren emaitza, Akademiak aspalditik sustatzen duena. Oraingoan, Euskararen Akademiak euskararen lurraldeetako erakunde eragileekin batera antolatu du egitasmoa, hots, Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiekin elkarlanean.
Aspaldikoa da, baina, erakundeon arteko harreman hori, euskararen eremuko bost ganbera legegileek eta Euskaltzaindiak Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa ere elkarlanean ondu baitzuten. 2017an aurkeztu zen jendaurrean eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke.
Ibiltaria den erakusketa honek Gasteiz bisitatuko du lehenik, ostiral honetan bertan estreinatuko baita Eusko Legebiltzarrean (Becerro de Bengoa kalea). Eraikuntzaren bigarren solairuan izango da ikusgai, gaurtik hasi eta urriaren 30era arte. Herritarrentzat ere zabalik izango da erakusketa, ondoko egutegiarekin:
- Ekainean eta urrian, astelehenetik-asteazkenera (11:00etatik 14:00etara).
- Uztailean eta irailean, astelehenetik-ostiralera (11:00etatik 14:00etara).
Erakusketak badu helburu nagusi bat, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileek (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek), Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Akitania Berriko eskualdeak gordetzen dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak erakustea modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan. “Ikuspegi zabaleko erakusketa ibiltaria antolatu dugu, eta lurralde guztietara eraman nahi dugu, zuzenbide idatzian euskarak historian zehar izan duen eta egun duen lekuaren zuzeneko testigu direlako testu hauek”, azpimarratu du Gotzon Lobera egitasmoaren koordinatzaileak. “Euskal hiztunek harreman juridikoetan euskara erabili dutela eta erabiltzen dutela azaltzen du argiro Hitzak Lege-k”, gaineratu du legegile barakaldarrak.
Horretarako, 25 panel fisiko jarriko dira dokumentuen informazioarekin, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak, eta testu parajuridikoak. Horrez gain, hiru panel elkarreragile izango dira, hiru panel argiztatu eta bi bitrina (dokumentu originalak erakusteko). Edonola ere, Hitzak Lege-k lekuan lekuko egitura izango du, egokitutako espazioetara moldatuko dela.
Honela, irudi eta grafikoen bitartez garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak erakutsiko dira. Baita edukiaren aldetik (hizkuntzaren edota herritarren bizimodua eta erakundeen ibilbidea baldintzatzearen ikuspegitik) pisua edo garrantzia izan duten testuak ere. Horrez gain, zailtasuna duten herritarrek testu esanguratsuen pasarteak entzuteko aukera izango dute.
Erakutsiko diren testu bitxi batzuk:
- 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan.
- Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute.
- 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak).
- 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago.
- 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
- 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen.
- 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten.
- 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen.
- 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
- Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (1948), 1950ean euskaratua.
- Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.
Eusko Legebiltzarrean izan ondoren, Nafarroako Parlamentuaren egoitzak hartuko du Hitzak Lege, azarotik 2023ko urtarrilera bitartean.