Euskaltzaindiak aurreko urtean hildako euskaltzainak omendu ohi ditu urtero-urtero. Ohiturari jarraituz, iaz zendutakoei gorazarre berezia egingo die Akademiak ostiral honetan, martxoak 25 dituela. Hona hemen omenduen izenak: Gorka Aulestia, Kaxildo Alkorta, Ramuntxo Camblong eta Allande Socarros.
Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan egingo du martxoko Osoko bilkura (10:00etan), eta, ondoren, Ageriko bilkura izanen da (12:00etan). Ageriko bilkuran 2021ean zendutako lau euskaltzainen hilberri-txostenak irakurriko dira: Gorka Aulestia ohorezko euskaltzainaren txostena Karlos Otegi euskaltzain urgazleak irakurriko du; Kaxildo Alkorta euskaltzain urgazlearena Iñaki Sarriugarte irakasle eta Mendebalde Kultura Elkarteko kideak; Ramuntxo Camblong euskaltzain urgazleari buruz Gexan Alfarok idatzitako testua irakurriko du Adolfo Arejitak; azkenik, Allande Socarros euskaltzain urgazleari buruz Jean-Louis Davantek idatzitako hilberri-txostena irakurriko du Battittu Coyos euskaltzain osoak.
Hitzak musikarekin nahastuko dira ostiraleko ekitaldian. Horretarako, Irati Garcia biolin-jotzaileak eta Elene Etxebarria txelo-jotzaileak hiru pieza klasiko interpretatuko dituzte. Hain zuzen ere, J.S. Bach-en Re Mayorreko Suite-aren ‘Aria’, Vivaldiren Bi txelorentzako kontzertua (2. mugimendua) eta J. Massenet-en Thais-en meditazioa.