Euskarak aurrerakada handia izan du azken hamarkadetan. Abante horren arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira: besteak beste, euskararen batasuna, euskara erabilera-eremu berrietara eramatea ahalbidetu eta corpusa gaurkotzea ekarri dutenak; askotariko elkarte eta erakundeen aldetik eginiko lan kementsua, gizartearen parte hartzea sustatuz, euskararen aldeko ezagutzan, motibazioan eta erabileran ekarpen azpimarragarria egin dutenak; edo euskararen lurralde batzuetan euskarak lortu duen ezagutza, bai eta herri-erakunde batzuetatik sustaturiko hizkuntza-politika eragingarriak ere.
Egun, euskara biziberritzen jarraitzeko, gero eta zabalduago dago biziki garrantzitsua dela pasa den mendean kontuan harturiko jarraibideak, hona ekarri gaituztenak, egoera berrira egokitzea eta gaurko zein biharko beharrizanak aurreikusiz indarberritzea, ezagutzaren aldeko jardunetik erabilerara jauzi eginez, maila eta esparru guztietan. Halaber, gero eta gogoeta gehiago egiten ari da euskalgintza deiturikoa ekinbide eta asmo eta indar berriekin gaurko errealitate eta beharrizan sozialetara ekartzeaz.
Horren harian, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskara askotariko alderdietatik indarberritzen jarraitzeko bide berriez gogoeta egiteko mintegia antolatu dute. Sabino Arana Fundazioaren Bilboko egoitzan izanen da, goizeko 9:30etik 14:00etara.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak abiatuko du jardunaldia, eta ondoren berrogeita hamar bat adituk beraien esperientziak partekatuko dituzte jendaurrean. Besteak beste, mintegian izango dira Miren Dobaran, Gotzon Lobera, Joseba Lozano, Amaia Jauregizar, Jon Sarasua, Estibalitz Alkorta, Arrate Illaro, Mertxe Mujika, Sagrario Aleman, Koldo Tellitu eta Mikel Irizar.