Estigma da, gaur egun, GIBaren inguruko arazo garrantzitsuenetako bat. Ez die GIBa dutenei soilik eragiten; infekzioaren diagnostiko goiztiarra bezalako helburu garrantzitsuak lortzeko orduan oztopo handi bat da.
Estigmaren oinarria beldurra da. Beldur honen inguruan hitz egiteko, infekzioaren hasieraz hitz egin behar da, transmisio-bideen inguruan zegoen informazio urriaz eta tratamendu eraginkorren eskasiaz. 30 urteren ostean, egoera asko aldatu da: gaixotasunaren garapena galarazten duten tratamendu seguru, erraz eta eraginkorrak daude. Tratamendu eraginkorra jasotzen duten pertsona seropositiboek ez dute jada infekzioa transmititzen, eta gainera populazio orokorraren pareko bizi itxaropena dute.
Hala ere, aurrerapen hauek lortu arren, beldurrak eta estigmak errotuta diraute gizartean, baita 90eko hamarkadan GIBa infekzio kroniko maneiagarri bilakatu zuten jarduera handiko tratamenduak iritsi ostean jaio ziren pertsona horietan ere.
Horregatik, gaur egun, GIBaren kontrako borrokan jarraitzea egoera bidegabe honen kontra egitea da. Hizkuntzak pentsamendua sortzeko orduan duen garrantzia ikusita, GIBaren errealitatera hurbiltzeko erabiltzen dugun hizkuntza egokitzea beldur horren aurka irabazitako borroka da.
GIBarekiko estigma orokorra infekzioaren inguruko beldurrean oinarritzen da.
Komunikazioa positibizatu
“Kutsatze”, “kutsatuta” edo “Hiesa kutsatzea” bezalako hitzen erabilerak, zehatza ez izateaz gain, estigma hori sustatzen du. GIBaren gaia promiskuitatearekin, moralarekin edo mota bateko jokaera sexualen inguruko kontzeptuekin lotzeak GIBa bera arrazoirik gabe urruntzen du gizartetik.
Ezinbestekoa da GIBaren inguruko komunikazioa positibizatzea; horregatik, GIBaren, haren diagnostikoaren eta GIBarekin bizi diren pertsonen bizitza luze eta ederren inguruko elkarrizketak normalizatzeko:
- GIBarekin bizi diren pertsonak ez dira gaixoak.
- GIBa eta HIESa ez dira gauza bera. HIESa ezin da transmititu, ezta “kutsatu”ere. Egoera kliniko bat da, ez da infekzio bat.
- Pertsonek “GIBa dute”, “GIBarekin bizi dira” edo “seropositiboak dira”. Jada ez da “GIBaren eramaile” terminoa erabiltzen.
- Tratamendu eraginkor baten pean dauden pertsona GIBdunek ez dute birusa transmititzen.
- GIBa ez da kutsatzen den infekzioa. Kutsatzea ustekabean gertatzen den zerbait da (kalean, metroan, klasean, etab.): tuberkulosia, A hepatitisa, gripea, elgorria, meningitisa, ebola eta beste hainbat kutsatu egiten dira. GIBa transmititu egiten da. Desberdintasun honek garrantzi itzela du, zerbait “kutsakorra” dela entzuten dugunean aldendu egiten garelako, arduraz eta prebentzio-neurri bezala. GIBa mekanismo zehatz batzuen bidez soilik transmititu daiteke, eta, beraz, prebentzio neurri asko daude.
Hala, zentzuzkoa da GIB infekzioaren inguruan aritzeko “kutsatu” bezalako hitzen definizioan eta gaurkotzean lan egitea, honen konnotazio negatiboek GIBaren inguruko estigma indartu eta euskal hiztunak nahi gabeko konplize bihurtzen dituelako.
Bide batez, jakinarazi nahi dugu, azaroaren 26an, astelehenean, goizeko 10:00etan Euskaltzaindiak eta Bizkaisidak prentsaurrekoan aurkeztuko dituztela euren elkarlanaren osteko lehen ondorio eta emaitzak.