Ekitaldian egitasmoari buruzko argibideak emango dira eta orain arte argitaraturiko liburuak ere egongo dira ikusgai. Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren liburukiak Laboral Kutxaren laguntzarekin argitaratzen ditu Euskaltzaindiak.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri 1, Bizkaian 36, Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Erkidegoan 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.
Zuberoako herriak honako hauek dira: Altzai, Altzürükü, Barkoxe, Domintxaine, Eskiula, Larraine, Montori, Pagola, Santa Grazi, Sohüta, Urdiñarbe eta Ürrüstoi.