Erakusketa hartzen duen aretoa jendez bete zen erakusketaren inauguraziorako. Arratsaldean izan zen, erakusketa antolatu duten hiru erakundeotako ordezkariek parte hartu zutelarik: Euskaltzaindiaren izenean, Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain EHHAren arduradun teknikoak; Laboral Kutxarenean, Pello Ugalde Laboral Lurralde zuzendariak; eta Portugaleteko Udalarenean, Estibaliz Freije Kultura zinegotziak. Gainera, Xabier Kintana, Erramun Osa eta Joseba Zabaleta Euskaltzaindiko idazkaria, idazkariordea eta kudeatzailea ere izan ziren ekitaldian.
Esan bezala, erakusketa abenduaren 17ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera. Honako hau izango da ordutegia: goizean, 11:00etatik 13:30era eta arratsaldean, 17:00etatik 21:00etara.
Erakusketak iraun bitartean, bisita didaktikoak egingo dituzte Aritz Abaroa eta Amaia Jauregizar EHHAko teknikariek. Honezkero, Portugaleteko hainbat ikastetxetako 500 gazte inguruk eman dute izena, EHHA zertan den ezagutzeko.