Mariano Izeta omentzeko ekitaldia 16:30ean hasi da, Arizkunenea Kultura Etxean. Ekitaldia Euskaltzaindiak eta Baztan Ikastolak elkarlanean antolatu dute.
Elena Zabaleta Baztan ikastolako lehendakariak hasiera eman dio ekitaldiari eta ondoren Paskual Rekaldek hartu du hitza. Mariano Izetaren jaiotzaren mendeurrenaren karietara antolatu den ekitaldian, Izetaz gain, Baztango bi euskaltzain urgazle gogora ekarri ditu: Joxe Azkarate Etxandi eta Blas Fagoaga Ariztia.
Bion aipamena egin ondoren, Mariano Izetaren Dirua galgarri eleberria izango du hizpide. Gogoan izango du Baztango Udalak eta Euskaltzaindiak berrargitaratu zutela liburua, urte honen hasieran. 2015eko edizio honetan, bi artikulu bildu dira: bata, “Mariano Izeta, zertzelada biografikoak”, Jon Abrilek eginda, eta bertzea, “Idazlanaren gaineko ohar zenbait”, Rekaldek berak prestatua. Horretaz gainera, Rekaldek jatorrizko testua euskara batura egokitu du. Baztango Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak eta euskaltzainburuak hitzaurre bana idatzi dute.
“Mariano Izetaren euskara, euskara batua eta euskalkiak Dirua galgarri eleberrian” gaia jorratu du jarraian.
Bere hitzetan, “ezbairik ez da Marianok bere idazlanean Baztango euskara nolakoa zen erakutsi nahi izan zuela, baina ez zen horretara bakarrik mugatu. Erdialdeko euskalkietako (gipuzkerazko) eta nafar-lapurterako hitz eta egitura batzuk maisuki erabili zituen (literatura klasikoa ere ezagutzen zuen). Komatxo artean bada ere, frantseseko hitz bat edo bertze ageri dira bere lanean”.
Izetak Dirua galgarri idatzi zuenean “euskara batua lehen urratsak egiten ari zen” aipatu ostean, eta ondoren euskara batuaren eta euskalkien arteko elkarbizitzaz eta orekaz mintzatu da: “Maiz erran izan da Akademiak ez dituela euskalkiak gustuko, euskalkiak ukatzen dituela. Hori ez da egia. Nahitaez bete beharreko bi baldintza ezarri ditu: bata, idatzian, ortografia bakarra onartzea batuan nahiz euskalkietan, euskara hizkuntza bakarra delako, ez hizkuntza aunitz, eta bertzea, idatziz eta ahoz, hizkuntzaren (euskararen) oinarri bakarraren arabera jokatu beharra beti”.
Besteren artean hitzaldian Dirua galgarri eleberriaren zenbait ezaugarri linguistiko -fonetika-fonologia, morfologia, lexiko eta sintaxi ataletakoak- izan ditu hizpide.
Amaitzeko, “Mariano Izetaren kontuak gure ikasgelan” deituriko kontakizuna aurkeztu dute Baztan ikastolako ikasleek, eta aurtengo festaren kanta abestu dute.
Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzek amaiera jarri diote ekitaldiari.
Paskual Rekalde: Dirua galgarri eleberriaren berrargitalpena: bi hitz (PDF, 167,2 KB)