Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana aspaldikoa da eta, besteren artean, Akademiak Udalari ematen dion hizkuntza aholkularitzan gauzatzen da. Lankidetza horren egitekorik behinena, baina, Gasteizko Toponimia egitasmoa da. Egitasmoaren helburua Gasteizko udalerriko toponimo guztiak sistematikoki jasotzea da. 1996an hartu zuen bere gain Euskaltzaindiak Gasteizko toponimia berreskuratzeko lana, urte berean Gasteizko Udalarekin izenpetutako lankidetza hitzarmenean jaso zenaren arabera. Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina da egitasmoaren zuzendaria eta Elena Martinez de Madina teknikaria.
Gasteizko udalerriak hiria bera eta 64 herrixka hartzen ditu. 400.000 toponimo-erregistroz osaturiko datutegian oinarritzen da ikerketa. Orain arte lau liburuki argitaratu dira, “"Onomasticon Vasconiae" bildumaren barruan: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria); Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza); Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria eta Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz.