Jose Manuel Etxeitaren heriotzaren 100. urteurrena gogora ekartzeko hainbat ekimen antolatu dira aurten Mundakako herrian, Etxeitaren jaioterrian. Mundakako Udal Liburutegiak Jose Manuel Etxeitaren izena darama, eta hain zuzen ere, liburutegian bertan Etxeitaren inguruko erakusketa dago ikusgai, abuztuaren 10a arte.
Esan bezala, uztailaren 10ean, Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeak omenezko jardunaldia antolatu zuen, Jose Manuel Etxeitaren ekarpen literarioa gogora ekartzeko. Jardunaldi horren xedea, Jose Manuel Etxeitaren unibertso pertsonalera eta unibertso literariora hurbiltzea izan zen.
Jon Kortazarrek, Euskal Literaturako katedradun eta Literatura Ikerketa batzordeko kideak, "Josetxo eta Etxeitaren biografia" hitzaldia eskaini zuen. Jon Kortazarrek hainbat artikulu eta argitalpenetan aztertu du Etxeitaren ekarpena, eta 1999. urtean Jose Manuel Etxeita (BBK, 1999) liburua argitaratu zuen.
Ana Toledok, euskaltzain eta Literatura Ikerketa batzordeburuak, "Ardibasotik Ardibasorako joan-etorria" hitzaldia eskaini zuen, Etxeitaren eleberrigintzara hurbilduz. Ana Toledok XX. mendearen lehen erdian euskal eleberrigintzan eginiko urratsak aztertu izan ditu sarri, eta hitzaldi honetan ere Etxeitaren ekarpena testuinguru horretan kokatu zuen.
Bestalde, Etxeitaren testuen irakurraldia eskaini zuen Gurutze Beitia aktoreak. Hitzaldietan zehar tartekatu ziren testu-irakurketa horiek, Etxeitaren ekarpena ezagutzearekin batera, Etxeitaren sormen-lana ere lehen eskutik ezagutzeko aukera izateko.