Goiburuak berak azaltzen duen bezala, toponimiaren alor banaezinak aztertu nahi ziren jardunaldian, kulturala eta praktikoa, alegia.
Alde batetik, toponimiak balio kulturala du eta horrela aitortu diote Nazio Batuek. Beste alde batetik, administrazio desberdinek datutegietan duten geo-erreferentziatutako informazioa ere bada.
Toponimoak ondare ezmateriala dira eta hizkuntzen zati izateaz gain, hizkuntzen historia ere gordetzen dute bere baitan. Era berean, historiaren lekuko dira eta informazio baliagarria ematen diete historialariei. Europako INSPIRE direktibak zehazten du toponimiak datutegi informatikoetan txertatu behar direla metadatoez lagunduta, egitura amankomun batean.