Garrantzitsua da herri-izen horiek finkatzea, oso antzinakoak izanagatik gaur egun ere agertzen baitira eskola-liburuetan, artelanen izenetan, turismo-gidaliburuetan eta komunikabideetan.
Orain, sistematikoki bildu dira Ekialdeko eta Antzinateko herrien izenak; herri horien euskarazko izenen tradizio zahar eta berria aztertu da, hainbat erdaratan nola idazten diren jaso da, herri-izen horiek euskaraz adierazteko erabiltzen diren irizpideak zehaztu dira, eta, azkenik, zerrenda eleaniztun batean jaso dira. Hori guztia agertzen da argitara eman berri den Euskaltzaindiaren 174. arauan: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak.
Zerrenda horretan, adibidez, Ekialdeko akadtarrak, filistiarrak, hebrearrak, hiksoak, semitak eta beste herri-izen ugari ageri dira. Baita Europako barduliarrak, eskotoak, piktoak, saxoiak, sueboak, teutoiak eta abar ere. Guztira, 111 herri-izen.
Xabier Kintana eta Alfontso Mujika