Ageriko bilkuran, bi erakundeok elkarren arteko errespetu eta aitortza adierazi zioten elkarri, Azkoitiko alkatea ondoan zutela.
Ondoren, Bergarako hainbat musikarik eta artistek egindako Peñafloridako Kondearen Mozkorra parregarri operaren zati batzuk eskaini zituzten. Kantariak Gorka Unamuno, Marije Ugalde, Julen Alberdi, Karlos Etxaniz eta Fran Martinez izan ziren, eta Leo Juaristi piano jotzailea; Jose Migel Elkorok egin zuen aurkezle lana. Opera ekainaren 13an antzeztuko da Azkoitian.
Ekitaldiari amaiera emateko, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta Euskaltzaindiak opari bana egin zioten elkarri. Akademiak Elkarteari hiru liburu eman zizkion: Axularren Gero eta Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale bi: batak, jatorrizko testuaz gain, gaztelaniazko, frantsesezko, ingelesezko, alemanezko eta italierazko itzulpenak biltzen ditu; bestean, katalanez, galizieraz, errumanieraz, arabieraz, kitxuaz eta txineraz ere irakur daiteke Etxepareren lana. Biak argitaratuak ditu Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarrarekin batera.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, aldiz, erakundearen Estatutuen lehenengo artikulua jasotzen duen oroigarri bat eman zion Euskaltzaindiari.