Fundazioaren izenean Eider Gardiazabal presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eurekin batera honako hauek izango dira ekitaldian: batetik, Idoia Mendia eta Vicente Reyes, PSE-EEko idazkari nagusia eta Prestakuntza eta Kultura idazkaria, hurrenez hurren; eta bestetik, Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkaria eta Adolfo Arejita Iker sailburua.
Hitzarmenaren helburua Ramón Rubial Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzarako oinarri nagusiak ezartzea da. Hala, euskara hedatu eta indartzeko jarduerak antolatzea izango da bi erakundeon xedeetako bat.
Fundazioa eta Akademia elkarlanean arituko dira, bereziki, euskararen normalizaziorako proiektuak garatzeko, eta Ramón Rubial Fundazioaren barruan edo beronen bitartez Euskaltzaindiak euskarari buruz emandako arauak edo gomendioak zabaltzeko.