Bi zenbaki horietako batean 2013. urteko Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa bildu dira, eta bestean, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jaso dira.
Euskera 2013, 1 liburuan Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa jaso da. Besteren artean, honako gaiak ageri dira: Iruñean “Euskara Nafarroatik” izenburupean egin ziren Jagon Jardunaldiak, Zarautzen egin zen Basarriren omenezko jardunaldia edota urte horretako Osoko bilkuretako aktak.
Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren eta Karmele Rotaetxe ohorezko euskaltzainaren omenez irakurri ziren hilberri-txostenak ere jaso dira liburukian. Beñat Oihartzabalek eta Xabier Altzibarrek, hurrenez hurren, egin zituzten hilberri txosten horiek.
Ingalaterrako Birminghameko Unibertsitatean, Larry Trask ohorezko euskaltzain zenaren omenez, Nicholas Gardner Euskaltzaindiaren Historia Soziala egitasmoko kideak eman zuen hitzaldia ere argitaratu da zenbaki honetan.
Euskera 2013, 2 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Eusebio Maria Azkueren omenez egin zen jardunaldirako, Jon Kortazarrek, K. Josu Bijuescak eta Xabier Altzibarrek prestatu zituzten txostenak; eta Euskal Literaturaren Historiografiari buruzko II. Jardunaldia dela-eta, Ana Maria Toledok, Lourdes Otaegik, Jon Casenavek, K. Josu Bijuescak eta Joseba Gabilondok prestatu zuten materiala.
Horrezaz gain, bestelako ikerketa lanak ere jaso dira zenbaki horretan: Intertestualitatea abiaburu: Haranburu Materreren harrobian, Patxi Salaberri Muñoarena; Literatura Unibertsala bildumako hitzaurreen azterketa, Miren Ibarluzearena; Modernismoaren zantzuak Antonio Arrutiren poesian, Alexander Gurrutxagarena; Genero eta sexuaren berridazketa: Itxaro Borda eta polizia eleberrien kasua, Gema Lasarterena; Sobre el topónimo Guillarte (Gillarte), Felix Mugurutzarena; eta Estudio lingüístico-histórico del nombre Berantevilla, Roberto González de Viñasprerena.
Beste bi artikulu bildu dira liburuki honetan: batetik, Hommage a Jon Mirande (1925-1972), hots, Euskaltzaindiak eta Mauleko Herriko Etxeak antolatutako ekitaldian, Christian Angelié Miranderen ilobak esan zituen hitzak biltzen dituena; eta bestetik, Teatrogileek teatroaz. Maite Agirre, Antton Luku eta Ander Lipus. Jaime Valverdek idatzita.